Madril
Bi titiritero atxilotu dituzte Madrilen, terrorismoa goratu dutelakoan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrileko plaza batean ikuskizun bat antzezten ari zirela, "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakutsi dute.
Espainiako Poliziak bi titiritero atxilotu ditu Madrileko plaza batean eskainitako ikuskizunean terrorismoa goratzea leporatuta. Antza, "Gora Alka-ETA" lelodun pankarta bat atera dute.
Efe albiste-agentziak Poliziaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, gertakariak 17:00ak inguruan jazo dira, Tetuango plaza batean, inauterietako programazioaren baitan, 'Sorgina eta Don Kristobal' izeneko obra baten antzezpenean.
Antza, ikuskizunean, pertsonaietako batek sorgina, epailea eta polizia sastakatzen ditu, eta antzezlanaren bukaeran, panpinetako batek "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakusten du. Plazara bertaratutako umeen gurasoek Polizia ohartarazi dute une horretan.
Polizia eta Udaltzaingoa bertara joan dira eta bi titiriteroak atxilotu egin dituzte, terrorismoa goratu izana egotzita.
Bestalde, Madrileko Udalak bere webgunean argitaratutako oharraren arabera, ‘Sorgina eta Don Kristobal’ ikuskizuna umeei eta nagusiei zuzenduta dago. 'Titeres desde Abajo' konpainiak, berriz, obra hori haurrei zuzenduta ez dagoela ohartarazten du bere blogean.