Negoziazioak
EAJ, Pedro Sanchezen inbestidura babesteko prest
Agentziak | Erredakzioa
Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban jeltzaleak Pedro Sanchezekin elkartu dira, buruzagi sozialistak gobernua osatzeko asmoz abiatu duen bilera errondaren baitan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea Pedro Sanchez Espainiako presidentegaiaren inbestidura babesteko prest agertu da.
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban jeltzaleak hartu ditu gaur, gobernua osatzeko asmoz abiatu duen bilera sortaren harira. Gaurko bilerarekin, PSOEk amaitutzat eman du lehendabiziko bilera erronda.
Bileraren ondotik, kazetarien aurrean hitz egin du Ortuzarrek. Haren esanetan, EAJ alderdi "apala" da; izan ere, seina diputatu eta senatari izanda, "ez diogu inbestidura saioa konponduko" Sanchezi.
Ortuzarrek azpimarratu duenez, EAJk hainbatetan itunak egin izan ditu Espainiako Diputatuen Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean. Espainiako Gobernu berriaren harira, ez du zehaztu zein aukera duen nahiago.
"Ezin diot betorik eskatu PSOEri, politikak bai ordea", gaineratu du.
Datorren astelehenean proposamenak jasotzen dituen agiria aurkeztuko die Sanchezek jeltzaleei, gainerako alderdiei bezala. Ortuzarren esanetan, EAJko zuzendaritzaren asteleheneko bileran aipaturiko dokumentua aztertuko dute eta "euskal agenda" jasotzen duen "gidoi moduko bat" gaineratuko diote. Aipaturiko agendak gai hauek bilduko ditu, besteak beste: Euskadirentzako estatus juridiko-politiko berria, indarkeriak eragindako zauriak gainditzea eta krisitik irteteko erreformak eta babes sozialak
"EAJren inplikazio maila euskal agenda horrekiko adostasun mailaren araberakoa izango da", gaineratu du.
EAJ alderdi nazionalista dela azpimarratu ondoren, alderdiak erabakitzeko eskubidean eta euskal nazioan sinisten duela adierazi du. Dena den, inbestidura saiorako itun bat negoziatzen ari direla nabarmendu du.
Espainiako hauteskunde orokorrak errepikatzeko aukeraz galdetuta, kontra agertu da: "Ez litzaiguke gustatuko hauteskundeak errepikatzea eta, gainera, ez litzateke aldaketa handiegirik izango bi bloke handien artean".
Bestalde, Sanchezek inbestidurarako babesa lortzen eta lau urterako Gobernua osatzen ahalegindu behar duela esan du Ortuzarrek. Halaber, Sanchez ausardiaz eta gogotsu ikusi duela azpimarratu du.
Kongresuan 11:00etan hasi dute bilera ordezkari jeltzaleek eta Pedro Sanchezek. Buruzagi sozialista ostegunean hasi zen ordezkari politikoekin batzarrak egiten, eta ordutik Ciudadanos, Podemos, IU, Compromis eta Coalicion Canaria eta Nueva Canarias alderdiekin elkartu da.
Hain zuzen, Ciudadanos eta Podemos alderdiekin egin nahi du Gobernua Sanchezek, baina egonkortasuna emango dioten beste alderdi batzuen babesa nahi du buruzagi sozialistak.