Txotxongilo ikuskizuna
Madrilgo Kultura zinegotzia, 'suminduta' txotxongilo ikuskizunarekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi lagun atxilotu zituzten ostiralean Madrilen, txotxongilo ikuskizun batean "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakusteagatik.
Celia Mayer Madrilgo Udaleko Kultura eta Kirol zinegotziak azaldu duenez, "erabat suminduta" daude Sorgina eta Don Kristobal txotxongilo ikuskizunean atzo gertaturikoagatik; izan ere, Madrileko plaza batean ikuskizun bat antzezten ari zirela, "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakutsi zuten bi txotxongilok.
Mayerrek gaur iragarri duenez, "berehala" lan harremanak etengo dituzte txotxongilo ikuskizuna kontratatu zuten Madrilgo inauterietako programatzaileekin. Ildo horretan, ez du zehaztu berak dimisioa emango duen ala ez.
"Irmoki eta azkar hartu ditugun erabakiak hartzea da nire erantzukizun politikoa: lehenik, berehala ikuskizuna geldiaraztea; bigarrenik, epaitegietan salaketa jartzea; eta, hirugarrenik, kontratazio horren erantzukizun politikoa duten programatzaileak kargutik kentzea", adierazi du.
Atzo, Kultura zinegotziak berak salaketa jarri zuen epaitegietan, haren iritziz, sinatutako kontratuan haurrentzako ikuskizun bat egitea jasotzen zelako eta ikuskizunean haurrentzako eduki desegokiak ekoiztu zirelako.
Mayerrek Madrilgo inauterietako programatzaileekin lan harremanak "berehala" etetea agindu du eta "Madrid Helburu"ko departamendu juridikoak "ahalik eta azkarren" gauzatuko du erabakia.
"Programazioan akatsa egon da eta horrek herritarrak iraindu ditu. Guk hartu behar genituen erabakiak hartu ditugu", aldarrikatu du.
Titeres desde Abajo antzerki konpainiako bi kidek Sorgina eta Don Kristobal izeneko txotxongilo ikuskizuna eskaini zuten atzo Madrilen. Antza, ikuskizunean, pertsonaietako batek sorgina, epailea eta polizia sastakatu zituen, eta antzezlanaren bukaeran, panpinetako batek "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakutsi zuen. Plazara bertaratutako umeen gurasoek Polizia ohartarazi zuten eta bi lagunak atxilotu egin zituzten.