Itxi

Terrorismoa goratzea

Titiriteroen aurkako salaketa kentzea aztertzen ari da Madrilgo Udala

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, titiriteroek helegitea jarri dute espetxeratzearen kontra. AVTk, berriz, kereila propioa aurkeztu du.

Celia Mayer Madrilgo Kultura eta Kirol ordezkaria. Argazkia: Efe

Madrilgo Udalak titiriteroen kontrako salaketa bertan behera uztea aztertuko du, ostiralean gertatutakoa "larria" izan zen arren, ezin duelako justifikatu auziaren "erabilera interesatua" eta bi lagunek espetxean jarraitzea.

Celia Mayer Kultura eta Kirol ordezkariak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Madrid Destinoren presidente den heinean, udal enpresa horren zerbitzu juridikoekin jarri da harremanetan "salaketa ken dezaten eskatzeko".

Udaleko ordezkariaren esanetan, "ikuskizunean gertatutakoa argitzeko bakarrik" jarri zuten salaketa, "ez ustezko terrorismoa goratzeko delituarekin zerikusia izan zezakeelako".

"Gertatutakoa larria izan zen, lanaren edukia onartezina zelako haurrentzat, baina horrek inola ere ezin du justifikatu auziaren erabilera interesatua, eta inputatzen zaizkien karguak. Onartezintzat jotzen dut behin-behineko espetxealdi mugagabea, eta egoera ezin da minutu bat gehiago luzatu", gaineratu du.

Espetxeratzearen aurkako helegitea

Bi titiriteroek helegitea jarri dute Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak jarritako espetxeratze aginduaren aurka.

Epaileak terrorismoa goratzea eta oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen kontrako delitua leporatzen die Raul Garcia Perez eta Alfonso Lazaro de la Torre titiriteroei.

Defentsako abokatuek uste dute gehiegizkoak direla akusazio horiek, bi gazteek ez zutelako terrorismoa goratu eta gorrotoa bultzatu. Horregatik, biak aske uzteko aldarrikatu dute.

AVTren kereila

Bien bitartean, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak kereila aurkeztu du titiriteroen, Ramon Ferrer Prada zuzendari artistikoaren, Celia Mayer Madrilgo Udaleko kultura arduradunaren eta Manuela Carmena alkatearen kontra.

p>

Albisteak (4)