Itxi

Negoziaziorako txostena

PSOEk larrialdi sozialerako plana jarriko du mahai gainean

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Konstituzioaren erreformari dagokionez, sozialistek Kongresuan azpibatzorde bat berehala abian jartzea proposatu dute, 2017an proiektu berria idazten hasteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSOEk hainbat proposamen egingo ditu Gobernu berrirako negoziazio prozesuan, tartean PPren lan erreforma eta Hezkuntza Legea (Lomce) kentzea, eta hainbat neurri sozial hartzea.

PSOEk negoziazio mahaian jarriko duen proposamenaren txostena aurkeztu du gaur. 53 orriko dokumentu hori eramango du Ciudadanosekin, IUrekin, Compromisekin eta EAJrekin abiatuko duen negoziazioan. Podemosi ere helaraziko dio dokumentua, nahiz eta horrek uko egin negoziazioari, sozialistek Ciudadanosekin negoziatzen jarraitzen dutelako.

Testua zazpi gai nagusitan banatu dute. Lehenengoan politika ekonomikoa eta enplegua jaso dituzte. Hala, lan erreforma bertan behera uztea proposatu dute, eta kontratu motak hirura murriztea (Ciudadanosek kontratu mota bakarra proposatu zuen).

Aurrekontuen egonkortasuna bermatzea eta, defizita 2019an % 1ekoa izateko helburuarekin, defizit publikoaren epeak Europar Batasunarekin negoziatzea ere proposatu du.

Zerga alorrean, aberastasunaren zergak erreformatzeko, aditu talde batek batzorde bat eratzea nahi dute sozialistek, datorren urteko aurrekontuetan ondorioak sartzeko.

Era berean, PSOEk larrialdi sozialerako plana proposatu du, oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko laguntzarekin batera.

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren legea onartzeko konpromisoa berretsi du, 40 urtetik gorako zentral nuklearrak ixteko, besteak beste.

Bestalde, sozialistek ez dute zehaztu zer egin nahi duten Katalunian, eta "VIII. Titulua berrikusi" behar dela eta Estatu federalaren kontzeptua garatu behar dela esan du. Txosten horrekin, 2017an hasiko lirateke Konstituzio berrirako proiektua idazteko prozesua.

Lomce bertan behera uzteaz gain, hezkuntzan "MIR azterketa bat" sortzea proposatzen dute, eta Kultura Ministerioa indarberritzea eta kulturaren BEZa % 10era jaistea.

Bestalde, eskubide berriak aitortzea ere jaso dute txostenean, tartean heriotza duina, Memoria Historikoa eta erlijio askatasuna.

'Mozal legea' deiturikoaren atal batzuk ere aldatu nahi ditu PSOEk, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria, berehala kentzea.

Alderdien lege berri bat ere proposatu du, hauteskunde primarioak arautzeko eta militanteek parte-hartze handiagoa izan dezaten.

Udal administrazioaren legea bertan behera uztea, erkidegoen finantziazio eredu berria onartzea eta aldundien egiturak eta egitekoak aldatzea ere aipatzen da testuan.

Atzerri politikan, PSOEk azpimarratu du Estatu Islamikoaren kontrako nazioarteko koalizioa babestuko duela, Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroak iragarritakoaren kontra; izan ere, PSOE Podemosekin elkartuz gero NATOtik aterako zela adierazi zuen jarduneko ministroak.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)