POLEMIKA
Ikerketa zabaldu du Carmenak 'titiriteroekin gertatutakoa argitzeko'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikuskizuna umeentzat 'guztiz ezegokia' zela nabarmendu ondoren, 'adierazpen askatasuna' eta inauterien ikur diren 'satira eta iseka' nabarmendu ditu Madrilgo alkateak.
Txotxongilo ikuskizunarekin gertatutako guztia argitzeko ikerketa jarri du abian Manuela Carmena Madrilgo alkateak. Besteak beste, Madrilgo Udaleko Kultura saileko programazio arduradunek ekitaldia antolatzeko emandako pausoak ikertuko dituzte.
Hedabideen aurrean goizean egin duen agerraldian, hainbatetan eskatu du barkamena Carmenak, ikuskizunaren edukia ez zelako aurretik behar bezala aztertu, "bistakoa denez", esan du, eta ikerketaren emaitzak esku artean izan arte ez dutela Celia Mayer Kultura zinegotziaren aurkako erabakirik hartuko argitu du.
Ikuskizunak ikusleei eta Udalari eragindako "kaltea" azpimarratu ondoren, "gehiegizkoa" iritzi dio epaileak bi titiriteroak kartzelatzeko erabakia hartu izanari. Dena dela, erabaki judizialak errespetatzen dituela nabarmendu du.
Ikuskizuna umeentzat "guztiz ezegokia" zela esan du, baina "adierazpen askatasuna" eta inauterien ikur diren "satira eta iseka" ezin direla ahaztu esan du Madrilgo alkateak.
Terrorismoaren goratzea
Bi titiriteroak behin-behinean espetxeratzea agindu zuen Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak larunbatean, Fiskaltzak egindakoa eskaria aintzat hartuta.
Terrorismoa goratzea eta Konstituzioak bermatutako oinarrizko eskubideak eta askatasunak baliatuta delitua egitea leporatu die.