Lagunkidetza
EAJk gizarte segurantza sistema propio mistoa planteatu du
Maite Mayo | Radio Euskadi
Sistema pentsio plan pribatuekin osatuko litzateke. Itxaso Atutxak baieztatu du asteburuan aurkeztuko dutela txostena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk bere barne berrikuntza prozesua asteburuan amaituko du, Andoni Ortuzar bigarrenez Euskadi Buru Batzarreko presidente izendatuta, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Batzarra Iruñean egingo dute jeltzaleek. Nafarroako hiriburua ez dute halabeharrez aukeratu. Hala, Foru Erkidegoak bizi duen aldaketa politikoari garrantzia handia eman nahi diote.
Besteak beste, batzarrean gizarte segurantzarekin lotutako dokumentu bat defendatuko du EAJk. Datozen urteetan eztabaidagai nagusietako bat izango da: euskal gizarte segurantza sistema bat beharrezkoa al da? Jeltzaleek baietz uste dute. Azken bi urteetan aztertutako datuak oinarri hartu ditu EAJk ondorio horretara heltzeko.
Epe ez oso luzera gertatuko den kolapsoaren eta defizitaren aurrean gizarte segurantza sistema erabat aldatzea beharrezkoa dela uste du EAJk.
“Sistema agortzen” ari dela ohartarazi dute jeltzaleek testuan. “Pentsioak murrizteko mehatxua” benetakoa dela gaineratu dute. Horregatik, “etorkizunari aurrea hartzeko”, formula berriak planteatzea beharrezkoa dela uste du EAJk.
Zentzu horretan, gizarte segurantza eredu propio bat garatzeko eskura dituen “tresna guztiak” erabiltzea proposatzen du EAJk. Horrela, eredu berria EAEn eta Nafarroan martxan jarri nahi dute jeltzaleek.
Sistema berria bi fasetan gauzatzea proposatu dute jeltzaleek. Aurrena, gizarte segurantzako erregimen ekonomikoaren transferentzia lortu, eta bigarrena, sistemaren kudeaketa eta legedia guztiz kontrolatzea. Horretarako, agentzia publiko bat sortzea planteatu du EAJk: Lagunkidetza.
Pentsio plan pribatuekin laguntzea
EAJren eredua ezberdina da, baina jasangarria izango litzateke, testuaren arabera. Sistema berria kotizazioekin finantzatzeaz gain, zergen bidez ere egitea proposatu dute jeltzaleek. Sistema pentsio plan pribatuekin osatuko litzateke (zerga-pizgarriekin lagunduta).
Pentsio planei garrantzia handia ematen die agiriak. Pentsio eredu jasangarri bat bermatzea da helburua, publikoa eta osagarria uztartuz, pentsioa azken soldatara hurbiltzeko.
Prestazio guztiak, salbuespenik gabe, kudeatzea proposatzen du dokumentuak. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren autogobernuarekin bateragarria izango da, dirua biltzeko ardura hartuko baitute. Bi erkidegoek elkartasun funtsean eta gizarte segurantzako erreserba batean parte hartuko lukete.
Gainera, enpresen izenak emateko prozedura, afiliazioa, langileen altak edo bajak hemen egingo lirateke. Euskadiko eta Nafarroako erakundeek ezbeharren mutualitateak zaintzeko ardura izango lukete.
Atutxak baieztatu egin du
Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak baieztatu du asteburuan Iruñean egingo duten Asanblada Orokorrean aurkeztuko dutela euskal pentsio sistemarako proposamenaren txostena.
"Espainiaren pentsio sistema arriskuan dago uneotan, oso une gogorra igarotzen ari da, eta gobernuek ez dute egonkortasun formularik proposatzen", azaldu du Atutxak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.
Gaineratu duenez, "sistema propioa proposatzen dugu, gure egiten dugu arriskua, dugun arduratik".
Sistema hori EAEko zahartze datuekin bideragarri izango litzatekeen galdetuta, EAJren buruzagiak esan du datu hori "zuzentzen duten faktoreak" daudela, langabe kopuru txikiagoa eta kalitate handiagoko enplegu gehiago dagoelako Espainiako Estatuan baino.
Bestalde, Atutxak gogorarazi du Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskumena Gernikako Estatutuan dagoela, baina oraindik ez dutela jaso.
ez dutela jaso.ez dutela jaso.