Noos auzia
Ruiz-Gallardonek Urdangarini eskaini zion Madril 2016 zuzentzea
Agentziak | Erredakzioa
Hautagaitza olinpiarraren kontseilari delegatuak azaldu duenez, erregearen koinatuak "fundazio bat" zuela esateko deitu zion.
Alberto Ruiz-Gallardon 2007an Madrilgo alkate zenak Iñaki Urdangarini eskaini zion Madril 2016 olinpiar jokoetarako hautagaitza zuzentzea, Mercedes Coghen proiektu horretako kontseilari delegatuak Noos auziaren epaiketan esan duenez.
"Aurrena Iñakiri eskaini zioten nire postua. Nazioartean Espainiako hautagaitza ordezkatzeko pertsona egokiena zela uste zuten", esan du Coghenek gaurko saioan.
Coghenen hitzetan, Urdangarinek berak deitu zion 2006 amaieran edo 2007 hasieran, eta fundazio bat zuela jakinarazi zion: Deporte, Cultura e Integracion Social fundazioa (Noos institutuaren ondorengotzat jo dutena). Handik hilabete gutxira, 2007ko apirilean, Urdangarinek eta Torresek hainbat bilera egin zituzten Madrilgo Udaleko buruzagirekin.
Alfonso Grau Valentziako alkateorde ohiak ere deklaratu du epaiketaren 9. egun honetan. Fiskalaren galderei erantzunez argitu duenez, Rita Barbera Valentziako alkateak Urdangarinekin hitz egin zuen, eta honek hainbat proiektutan lankidetzan aritzeko prest zegoela esan zion. Kolaborazioak "itxura ona" zuela eta, hautagaitza aurkezteko esan ei zion Barberak Urdangarini.
Grauk azaldu duenez, berak zuzentzen zuen Turismo Fundazioak Valencia Summit antolatzeko Urdangarinen enpresa kontratatzea erabaki zuen. Arrazoiak azaldu ditu, segidan: "Proiektua arrakastatsua izango zen ziurtasuna ematen zuen: olinpiar jokoetan aritutako kirolaria zen, harreman estua zuen Juan Antonio Samaranchekin, eta errege familiako kidea zen".