Errege Kopako finala
Epaileak ez du deliturik ikusi himnoaren kontrako txistualdian
Agentziak | Erredakzioa
Erabakiaren oinarrian 2009an ere antzeko gertaera jazo zela dio epaileak, eta ordu hartan Fiskaltzak ez zuela delitu zantzurik ikusi.
Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak ez du deliturik ikusi joan zen maiatzaren 30ean, Camp Nou futbol-zelaian, Athletic Clubek eta Bartzelonak jokatu zuten Errege Kopako finala dela eta Espainiako himnoaren aurka izan zen txistualdian, Felipe VI. erregea bertan zela.
Modu horretan, Andreuk gertaera horien aurrean Manos Limpias elkarteak jarri zuen salaketa artxibatu du, irizten baitio ez direla delitu egitateak, nahiz eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak txistuek erregeari eta Espainiako ikurrei irain egiten zietela uste izan.
Erabakiaren oinarrian 2009an ere antzeko gertaera jazo zela dio epaileak. Izan ere, urte horretan, Valentziako Mestalla futbol-zelaian jokatu zen Errege Kopako finalean, Espainiako ereserkiaren aurkako beste txistualdi bat izan zen, Espainiako Estatuburuaren aurrean. Ordu hartan ere Fiskaltzak ez zuen delitu zantzurik aurkitu; ondorioz, Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak artxibatu egin zuen.
Artxibatze hori errekurritu egin zen Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salan. Sala horrek zera ebatsi zuen: "nahiz eta errege-erreginak portaera zakarra jasan behar izan zuten, ez da Estatuburuaren edo Espainiako ikurren aurkako jarrera iraingarria".
Kasu bien antzekotasuna dela-eta, Andreuk dio erabat aplika daitezkeela Fiskaltzak harako hartan erabili zituen arrazoibideak. Arrazoibide horietan honako hau esaten zen: "adierazpen-askatasuna demokraziaren ardatza da".