Itxi

Inbestidura negoziazioak

Sanchezek onartu egin du PSOE-Podemos-IU-Compromis bilera egitea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lau alderdiak negoziatzen ari dira jada, bileraren data eta lekua adosteko.

Pedro Sanchez, Cayo Lara eta Alberto Garzon. EiTB

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak onartu egin du bere alderdiko talde negoziatzailea aldi berean Podemosekin, IUrekin eta Compromisekin biltzea, inbestidura akordio bat bilatzeko.

Sanchezek gutun bat igorri dio Alberto Garzon IUko buruari, horrek sustatu baitzuen "lauko bilera", eta Twitterren ere argitaratu du. "Orain, inoiz baino gehiago, elkarrizketa eta elkar-ulertzea garrantzitsuak dira", adierazi du txioan.

Atzo, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak ere onartu zuen bilera egitea.

Garzoni igorritako gutunean, Sanchez harekin "ados" agertu da, "gobernu progresista eta erreformista osatzeko politikak eta proposamenak identifikatzeko”.

Bestalde, IUtik azaldu dutenez, lau alderdiak negoziatzen ari dira jada, bileraren eguna, ordua eta lekua zehazteko.

"Albiste ona da ezkerrean akordio aukerak aztertzea", idatzi du Garzonek Twitterren.

Albisteak (3)