Itxi

Bake eta Bizikidetza

Fernandez: 'Polizia indarkeriaren biktimak aitortu egin behar dira'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Polizia indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak keinu publiko bat egiteko eskatu zion Jaurlaritzari, duela 8 hilabete.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Polizia indarkeriaren biktimak aitortzearen beharra nabarmendu du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak. Haren esanetan, etika, demokrazia eta bizikidetza arrazoiengatik eta "iluntasuna zegoen tokian argi pixka bat" jartzeagatik egin behar da aitortza hori.

Giza eskubideen urraketak jasan dituzten aitortu gabeko biktimentzako erreparazio-proposamenei buruzko jardunaldia egiten ari dira gaur Donostiako Kursaal jauregian, eta bertan egin ditu adierazpenok Jonan Fernandezek. Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio amaiera jardunaldiari, polizia indarkeriaren biktima izan direnei aitortza instituzionala eginez.

Iaz, ETAren biktimekin ekitaldi publikoa egin zuen lehendakariak eta barkamena eskatu zien Eusko Jaurlaritzak emandako tratuagatik. Horren ondotik, polizia indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak "antzerako" keinu publiko bat egiteko eskatu zion Jaurlaritzari.

Eusko Jaurlaritzak polizia indarkeriaren biktima izaera aitortu zien ostegunean 187 pertsonari. 239 pertsonak eskatu zuten polizia indarkeriaren eta gehiegikerien biktima izaera aitortzeko eta 187 eskaera onartu dituzte, eskaeren % 78. Aipaturiko polizia gehiegikeriak 1969 eta 1978 bitartean egindakoak dira.

Kursaal jauregian egiten ari den jardunaldiaren irekiera ekitaldian Fernandezek azaldu duenez, 1978tik 1999ra bitartean giza eskubideen urraketa edo bidegabeko sufrimendua pairatu zutenak aitortzeko legea onartzeko izapideak egiten ari dira. Horren hitzetan, araudi hori beharrezkoa da etika, demokrazia eta bizikidetza arrazoiengatik.

"Lege horren beharra justifikatzen duen lehendabiziko arrazoia oraindik aitortuak eta erreparatuak izan ez diren biktimak eurak dira", adierazi du Fernandezek. Ildo horretan, arrazoi horren "izaera etikoa" azpimarratu du.

Bake eta Bizikidetza idazkariak zehaztu duenez, bigarren arrazoia "demokratikoa" da: "Lege honek estatuak egindako abusuak, gehiegikeriak eta bidegabeko ekintzak aitortzea dakar". "Zenbait pertsona aitortza mota horren beldur dira; izan ere, aitortza hori egiteak terrorismoa justifikatzea edota Zuzenbide Estatua ahultzea dakarrela uste dut. Hala ere, guztiz kontrakoa da", gaineratu du.

Bestalde, lege horrek bizikidetzaren normalizazioan eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen ere lagundu dezakeela uste du. Azaldu duenez, ETAren biktimek "babesa, aitortza eta erreparazioa" aitortzen dieten lege zehatzak dituzte, "hobetu daitezkeen arren". Hala eta guztiz ere, errepresio jokabide bidegabeen biktimak "babesik" gabe daudela eta, normalizaziora bidean, biktima horiek ere babestu behar direla esan du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)