Itxi

Diputatuen Kongresua

Martxoaren 1era aurreratu dute Pedro Sanchezen inbestidura saioa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hautagai sozialistak lehenengo bozketan gehiengo absolutua lortzen ez badu, bigarren bozketa egingo da martxoaren 5ean.

Pedro Sanchez Espainio Gobernuko presidente izateko PSOEren hautagaia. Artxiboko irudia: EiTB

Pedro Sanchez presidentegai sozialistaren inbestidura saioa martxoaren 1era aurreratzea proposatu dio Patxi Lopez Espainiako Diputatuen Kongresuko presidenteak Mahaiari. Inbestidura saioa astearte arratsaldean (martxoak 1) hasiko da Pedro Sanchez hautagaiaren hitzaldiarekin. Dena den, hitzaldi hori amaituta bertan behera geldituko da saioa. Martxoaren 2an, asteazkenean, gainerako taldeek hitz egingo dute, eta horiek amaituta egingo dute bozketa.

Hautagai sozialistak lehendabiziko bozketan gehiengo absolutua (176 boto) lortzen ez badu, 48 ordura bigarren bozketa egin beharko da Espainiako Diputatuen Kongresuan. Beraz, litekeena da bigarren saioa ostiral arratsaldean hasi behar izatea.

Ordu horietan osoko bilkura bat egiteko zailtasunak tarteko, bigarren bozketa martxoaren 5ean (larunbata) egitea aurreikusi du Diputatuen Kongresuko presidenteak. Bigarren bozketan, nahikoa izango du gehiengo sinplea eskuratzea; hots, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago izatea.

Inbestidura saioaren hasiera martxoaren 1era aurrera dute; bestela, balizko hauteskundeak ekainaren 27an, astelehena, egin beharko liratekeelako; izan ere, Gorteak desegiten direla iragartzen duen dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 54 igaro behar dira hauteskundeak egiteko.

Maiatzaren 2an, astelehena, amaituko da presidentea izendatzeko epea, eta inork Diputatuen Kongresuaren babes nahikorik lortzen ez badu, hurrengo egunean argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean Gorteak desegiteko dekretua. Horrenbestez, hilaren 4tik aurrera hasiko da denbora kontatzen, eta ekainaren 26an egingo dira hauteskundeak.

Hasieran aurreikusi bezala, lehendabiziko bozketa martxoaren 3an egingo balitz, berriz, data horiek egun bat atzeratuko lirateke, eta, horrenbestez, hauteskundeak astelehenez, ekainaren 27an, egin beharko lirateke.

Albisteak (2)