Inbestidura
Nola lortuko luke Sanchezek presidente izatea?
Eider Garaikoetxea | Eitb.eus
Ciudadanos eta Coalicion Canariaren aldeko botoak izanda ere (131), beste indar politikoen babesa edo abstentzioa behar du buruzagi sozialistak.
Aritmetikari begira egon beharko du datozen egunotan Pedro Sanchez PSOEren Presidentetzarako hautagaiak. Ciudadanosekin lortutako akordioa ez da nahikoa Sanchez presidente aukeratzeko. Bi alderdiek Kongresuan dituzten eserlekuak (130, 90 sozialistenak eta 40 alderdi laranjarenak) eta Coalicion Canariaren aulki bakarra batuta ("kanariar agenda" delakoa hitzartuta, alde bozkatuko zuela iragarri zuen pasadan astean), taldeek ez liokete gainerako indarren balantzari aurre egiteko modurik.
Horren jakitun, beste alderdiak "limurtzen" hasi behar da Sanchez, betiere balizko itun horiek "elkarren artean talka" edo "PSOEren programaren oinarrien kontra" egiten ez badute.
Sozialistek badakite inbestiduraren lehen bozketa -martxoaren 2rako dago aurreikusia-, gehiengo osoa eskatzen duena (176 boto), utopia hutsa dela. Hala, bigarren bozketarako (gehiengo sinplea) babesak lortzeko eginahalak egingo dituzte. Martxoaren 5ean, aldeko botoek kontrakoak baino gehiago izan behar dute. Helburu hori erdietsi nahi du Sanchezek.
Hauexek dira hori bermatuko luketen aukeretako batzuk:
Lehen aukera: PPren abstentzioa eta gainerako taldeen kontrako botoa: 131 vs 87. Helburu zaila, inondik inora. Alderdi Popularrak behin eta berriz esan du ez duela Sanchez presidente egingo. Mariano Rajoy jarduneko presidente eta PPko buruzagiak gaur esan duenez, Ciudadanosek eta PSOEk izenpetutakoa "ez da inbestidura ituna, ezta gobernu ituna ere; ez da ezertxo ere ez". Rajoy "harrituta" agertu da Riverak Sanchez presidente egiteko adierazi duen "gogoa biziarekin".
Bigarren aukera: Podemos, Compromis, IU, EH Bildu, EAJ, ERC eta DL alderdiek zuri bozkatzea eta PPk kontra: 131 vs 123. Aldapa gora du helburu hau Sanchezek, batez ere Podemosi dagokionez. Alderdi moreak esana du ez diola Ciudadanosek babestutako hautagai bati lagunduko, "ez aktiboki, ezta pasiboki ere". Pablo Iglesiasek atzo nabarmendu zuenez, aldaketaren aldekoa eta aurrerakoia ez den gobernu baten aurrean "ez" bozkatuko dute eta zuri bozkatzea ere baztertu dute. Gainera, alderdi ezkertiarrak bertan behera utzi ditu PSOErekin abiatutako negoziazioak, sozialistek Ciudadanosekin ituna sinatu eta gero.
Hirugarren aukera: Compromisek, EAJk, ERCk eta DLk alde bozkatzea, ezkerreko alderdiek kontra, eta PP abstenitzea: 163 vs 64. Kimera hutsa.
Joan Baldovi Compromiseko diputatuak gaur esan duenez, ez dute Ciudadanosen gobernu baten alde egingo, "inondik inora", erantsi du. Abstentzioa ez du baztertu Baldovik, baina itunaren "letra txikia" irakurri nahi du, ezer baino lehen.
Kataluniako independentziaren aldeko alderdiek ere aukera hau baztertu dute. Gainera, PPren abstentzioa bermatu beharko luke Sanchezek.
Joan Tarda ERCko eleduna irmo mintzatu zen atzo: "Gure taldeak ez du inoiz Kataluniaren kontra aritzen den eta neoliberalismoa bermatzen duen alderdi bat babestuko". Tardaren ustez, "eskuin atzerakoiena" da Ciudadanos. Democracia y Libertad alderdiak ere argi utzi du ez duela akordio horren alde egingo, eta Kataluniako erreferenduma babestea jarri du baldintzatzat. Francesc Homs bozeramaileak ezarritako marra gorriak Ciudadanosek Kataluniari buruz esandakoekin egingo luke talka.
Azkenik, EAJk Sanchez babestu behar badu, beste alderdiekin lortutako akordioak ezingo dira jeltzaleen asmoen kontrakoak izan, ohartarazi du Andoni Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak.