Diputatuen Kongresua
Horrelakoa izango da Pedro Sanchezen inbestidura saioa
EITB.EUS
Inbestidura saioa astearte honetan (16:30) hasiko da, presidentegai sozialistaren hitzaldiarekin. Lehendabiziko bozketa asteazkenean egingo dute; eta, bigarrena, ostiralean.
Asteartea
16:30. Pedro Sanchezen agerraldiarekin hasiko da inbestidura saioa. Legegintzaldi berrirako programa aurkeztu du eta nahi adina denbora izango du bere azalpenak emateko.
Sanchezek agerraldia amaitzean, lehendabiziko saioa bukatutzat emango dute.
Asteazkena
09:00. Asteazken goizean talde parlamentarioen txanda izango da. Talde handienetik txikienera egingo dituzte agerraldiak, gehienez 30 minutuz.
Goizeko saioaren ostean, atsedenaldi txiki bat egingo dute, arratsaldean jarraitzeko. Azken hitzartzea Talde sozialistako bozeramaileak egingo du.
Pedro Sanchezek nahi beste eskatu ahalko du hitza. Taldeei erantzuteko bi aukera izango ditu: banan-banan erantzutea edo agerraldiak amaitu arte itxarotea eta guztiei batera erantzutea. Taldeetako bozeramaileek Sanchezi erantzuteko beste 10 minutu izango dituzte.
21:00. Inbestidura saioko lehendabiziko bozketa agerraldi horiek guztiak bukatu ostean egingo dute, Patxi Lopezen kalkuluen arabera, 21:00ak aldera.
Ostirala
19:30. Espero bezala, Sanchezek gehiengo absolutuaren (176 boto) babesa lortzen ez badu, Kongresuko diputatuak berriro elkartuko dira ostiralean, lehendabiziko bozketa burutu zen ordua baino ordu bat eta erdi lehenago.
Bigarren bozketa egin aurretik, PSOEren presidentegaiak 10 minutuko agerraldia egingo du eta taldeetako bozeramaileak bost minutuz hitzegiteko aukera izango dute.
Bigarren bozketan gehiengo sinplearen babesa ez badu, aipatu prozesua hautagai ezberdinekin errepikatuko litzateke.
Bi hilabetetan Sanchezek edo beste hautagairen batek Espainiako Gobernuko presidente aukeratzea lortu ezean, ekainaren 26an hauteskundeak deituko lituzkete.