Udalen eskuduntzak
Zergatik da garrantzitsua Udal Legea?
eitb.eus
Euskadi tankera horretako lege bat ez duen erkidego bakarra da Estatuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Udal Legea EAEko udalerrien aldarrikapen historikoa da, eta 35 urte behar izan dira adostua izateko. Euskadi tankera horretako lege bat ez duen erkidego bakarra da Estatuan.
Legeak udalen eskuduntzak eta finantziazioak arautzen ditu, eta, besteak beste, ezartzen du udalek "ahotsa eta botoa" izango dutela Finantzen Euskal Kontseiluan, hau da, diru-sarrerak nola banatu erabakitzen duen erakundean (Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek osatzen dute).
Orain arte, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) parte hartu izan du erakunde horretan, baina boto ahalmenik gabe.
Orain, lehen aldiz, udalek ere parte hartuko dute EAEko baliabide ekonomikoen banaketan.
Bestalde, udalek izan ditzaketen 37 eskuduntza ere zehaztu dituzte.
Horren ildotik, urtebeteko epean ikerketa bat egingo dute, udalek egun dituzten eskuduntzen egoera aztertzeko. Ondoren, Ekarpenen Legea erreformatzean, kontuan izango dute udalen lana finantziazioak ezartzeko.
Legearen sustatzaileek azaldu dutenez, arauak "konpondu" egingo ditu Larrialdi Sozialeko Laguntzekin sortutako arazoak, eta mantendu egingo ditu euskaltegiak eta musika eskolak.
Laguntza sozialei dagokienez, diru-sarreren bermerako sistema osoa erreformatzea aurreikusten dute. Hori egin bitartean, baina, behin-behineko konponbide bat adostu dute, Jaurlaritzaren baliabideak agortu eta gero dirua jarri behar duten udalek ekarpenaren zati bat bueltan jaso dezaten.
Lege proiektuak herri kontsulta lotesleak egin ahal izatea ere baimenduko du, betiere udalen eskuduntzen arloetan.