Itxi

Presoak

Frantziak Espainiaren esku utzi du Mikel Karrera Sarobe

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bizi osorako kartzela-zigorra ezarri zioten Frantzian, 2007an, Capbretonen bi guardia zibil, eta 2010ean, Jean-Serge Nerin jendarmea hiltzea leporatuta.

Mikel Karrera Sarobe. Argazkia: EFE

Frantziak Espainiako Poliziaren esku utzi du Mikel Karrera Sarobe ‘Ata’. ETAko presoa bizi osorako espetxe-zigorra betetzen ari da Frantzian, besteak beste, Jean-Serge Nerin jendarmea hiltzea egotzita. ETAren azken hilketa izan zen.

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak eskatuta eraman dute Espainiara Mikel Karrera. 2009ko uztailean ETAk Burgoseko Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako erasoan parte hartu izana leporatzen diote.

Parisko Apelazio Auzitegiak 2014ko azaroan onartu zuen Andreu epailearen eskaera, baina entregatzea aldi baterako gelditzea erabaki zuten, Frantzian zituen bi auziak argitu arte.

Frantziako auzitegiek bi aldiz ezarri diote bizi osorako espetxe-zigorra Mikel Karrerari. Lehendabizikoa, 2007ko abenduan, Capbretonen, bi guardia zibil hiltzea egotzita; eta bigarrena, 2010eko martxoan, Jean-Serge Nerin jendearmea hiltzea leporatuta.

Horrez gain, Auzitegi Nazionalak gizateriaren kontrako krimenak leporatzen dizkio, ETAko beste zenbait presoren aurka hasitako ikerketa baten baitan.

Espainiako Poliziak ohar batean jakinarazi duenez, aldi baterako soilik egongo da Espainian. Litekeena da asteazken honetan eramatea epailearen aurrera.

Mikel Karrera 2010eko maiatzean atxilotu zuten Baionan.

Albisteak (2)