Barne krisia
Madrilgo Podemoseko bederatzi kidek dimisioa eman dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilgo Erkidegoko Podemosen zuzendaritzarekin "desadostasunak" tarteko utzi dute kargua.
Madrilgo Podemosen Herritar Kontseiluko bederatzi kidek dimisioa eman dute, duela egun batzuk Emilio Delgado Antolakuntza idazkariak egin zuen bezala, lurralde zuzendaritzarekin desadostasunak dituztelako.
Hain zuzen ere, hauek dira dimititu dutenak: Clara Serra, Pablo Padilla, Olga Albasolo eta Jazmin Beirak Madrilgo Erkidegoaren Parlamentuko diputatuak eta Loreto Arenillas, Sarah Bienzobas, Cristina Castillo, Cesar Mendoza eta Leticia Sanchez.
"Gutako gehienok hasieratik gaude Podemosen, eta gure herrialdea aldatzeko eta erakundeak berreskuratzeko herritarrek duten lanabes politiko onena gisa berretsi den proiektu politiko honen balioekin konprometituta jarraitzen dugu", adierazi dute, gutun batean.
Con mi compromiso e ilusión por Podemos intacto. pic.twitter.com/eQhhpQ3X3h
— Bienzobas (@SarahBienzobas) marzo 9, 2016
Halaber, alderdia "demokratikoa eta anitza" dela nabarmendu dute, eta, horregatik, "alderdikideen arteko desadostasunak publikoak eta normalak" dira.
Horren ildotik, bederatziek adierazi dute "desadostasunak" dituztela eskualde zuzendaritzarekin, baina horrek ez duela "zerikusirik" estatu mailako "ustezko zatiketa faltsuekin".
Kontseiluaren erreakzioa
Madrilgo Podemosen Kontseiluak dimisioak deitoratu ditu, baina kargu-uzte horiek Espainiako Gobernu berria osatzeko negoziazioetan “deskuidatzea” eragingo ez dutela azpimarratu du.
“Madrilgo Koordinazio Kontseiluak ez du arretarik galduko aldaketa ekarriko duen Gobernua osatzeko elkarrizketetan eta negoziazioetan”, nabarmendu du.
Podemosen Kontseiluak dimisioak onartu eta errespetatzen dituela adierazi du, baina erabaki hori alderdi horrek egingo duen “eztabaida politikoa eta antolatzailea” deitu aurretik egin izana kritikatu du.
“Kritikak eta eztabaidak pozik hartzen ditugu Podemosen, gizarteak exijitzen digun antolakuntza sendoa eraikitzeko lagungarri direlakoan”, erantsi dute.