Itxi

Argentina

Frankismoko indarkeria matxista ikertzeko lehen kereila aurkeztu dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Frankismo garaiko emakumeen aurkako indarkeria ikertzeko kereila aurkeztu du Women's Link Worldwide erakundeak Buenos Airesen, Maria Servini epailearen aurrean.

Maria Servini epailea. Artxiboko irudia: EFE

Frankismo garaiko emakumeen aurkako indarkeria ikertzeko lehen kereila aurkeztu du Women's Link Worldwide erakundeak Buenos Airesen, Maria Servini epailearen aurrean, elkarteak Madrilen emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.

Justizia unibertsalaren printzipioan oinarrituta, prozedura bakarra zuzentzen du Servini epaileak, frankismoan egindako krimenak ikertzeko. 100 elkarte baino gehiagok kereila aurkeztu zuten 2010ean, genozidio eta gizateriaren aurkako krimenengatik.

Makroauzia zabaltzeko eskaerarekin “frankismo garaian emakumeen aurka egindako krimenen errugabetasunarekin bukatu” nahi dutela azaldu du gaur Glenys de Jesus Women's Link Worldwideko nazioarteko zuzendariak Madrilen. Hori egin ezean “justizia zuzentzaileaz eta egiaz” hitz egiterik ez dagoela ziurtatu du.

Deskarga elektrikoak, haurtxoen lapurretak, purgak, abortu behartuak…

Gerra Zibileko eta Francoren diktadurako sexu-indarkeria, deskarga elektrikoak genitaletan, umetxoen lapurreta, abortu behartuak, errizino-olioarekin purgak eta umiliazio publikoak salatu ditu kereilak, sei emakumeren testigantzak jasota.

Carmen de Miguel erakundearen Espainiako zuzendariak azaldu duenez, emakumeen aurkako krimenak “emakumeak izateagatik soilik” gertatzen ziren edo garaiko emakume eredu “emazte, ama eta otzana” zalantzan jartzeagatik.

“Emakumeek jasandako errepresioaren inguruko isiltasuna samingarria izan da hamarkadetan”, adierazi du Bartomeu Gari Memoria Historikoko adituak. “Errepublikarrak eta ‘gorriak’ ez ziren existitzen eta kalbario bat bizi zuten. Bakoitzaren atzean historia beldurgarriak daude”, gaineratu du Garik.

Besteak beste, Daria eta Mercedes Buxade ahizpak 1936ko abuztuan atxilotu zituzten, beste hiru emakumerekin batera, eta guztien birjintasuna egiaztatu ondoren, behin eta berriro bortxatu zituzten falangistek. Gainera, biharamunean hil egin zituzten.

Albisteak (5)