GREBA
13 atxilotu LOMCEren kontrako protestetan, Gasteizen eta Iruñean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikasle Abertzaleak mugimenduak deituta, greba-eguna dago deituta gaur Euskal Herriko unibertsitate ia gehienetan, euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko eta LOMCE salatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hamahiru gazte atxilotu dituzte gaur Gasteizen (bederatzi) eta Iruñean (lau) LOMCEren aurka Ikasle Abertzaleak ikasle sindikatuak deitu duen greba dela eta egin dituzten protesta ekitaldietan izan diren istilu larrietan.
Euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko eta LOMCE legea salatzeko, mobilizazioak deitu dituzte gaurko Euskal Herriko unibertsitate ia gehienetan.
Lehenengo istiluak Gasteizen izan dira, EHUren kanpusean, eta gero hiriaren erdigunera zabaldu dira.
13:10 aldera, milaka ikaslek bat egin duten manifestazioa oraindik amaitzeko zegoenean, hainbat gazte kalteak egiten hasi dira banketxeen egoitzen kontra eta bestelako eraikinen kontra.
Hala, manifestariek harriak, pilak, bengalak, torlojuak eta kanikak jaurti dituzte, eta Ertzaintzak erantzun eta zortzi lagun atxilotu ditu, tartean burutik odola zerion manifestari bat.
Ertzaintzak Gasteizen atxilotu duen ikasleetako bat. Efe
Manifestazioa 12:30ean abiatu da Andra Mari Zuriaren plazatik, eta hortik gutxira hasi dira istiluak.
San Prudentzio kalean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzaren parean, istilu larriak izan dira manifestarien eta Ertzaintzaren artean. Ertzaintzak agente ugari eta zortzi furgoneta eraman ditu bertara, eta hainbatetan kargatu du.
Gainera, zirkulazioa eten dute eta kalteak egin dituzte hainbat lokaletan.
Ordu batzuk lehenago, kanpuseko sarbidea itxi dute hainbat lagunek, eta eskolak bertan behera geratu dira.
Grebalariek pintadak egin dituzte, su-itzalgailuak hustu dituzte, ateak puskatu, etab.
Lau atxilotu Nafarroan
Gutxienez lau gazte atxilotu dituzte ikasleen protestetan Iruñean. Sarasate Pasealekuan, Nafarroako Parlamentuaren eta Foru Gobernuaren egoitzaren artean, protesta amaitu ostean, hainbat lagunek harriak eta botilak jaurti dituzte polizien kontra.
Era berean, beste batzuk Alde Zaharrean zabaldu dira, eta hainbat kalte egin dituzte, agenteek pilotakadekin erantzun aurretik.
Bilbon, ehunka ikaslek parte hartu dute sindikatu abertzaleak deitutako manifestazioan, baina ez da istilurik izan, hiriaren erdigunea gurutzatu ostean.
Donostian ere ez da liskarrik izan, kanpusetik Boulevarderaino egindako ibilbidean.