Itxi

Aberri Eguna

Ortuzar: 'Bizitzeko, erabakitzeko eta izateko aske izan nahi dugu'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, jeltzaleak ezker abertzalearekin "euskal aberria eraikitzeari buruz" hitz egiteko prest daude, "baina ez Euskadi iraultzaile bat eraikitzeko".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, jeltzaleak ezker abertzalearekin "euskal aberria eraikitzeari buruz" hitz egiteko prest daude, "baina ez Euskadi iraultzaile bat eraikitzeko". Horregatik, euren lehentasuna zein den argi dezatela eskatu die: "ezkerrekoak izatea edo abertzaleak izatea".

'Bultzada Berri Bat' lemapean Bilbon, Areatzan, egin duten ekitaldi politikoan esan duenez, ezker abertzalearekin "akordio eta elkar ulertze gune gehiago" izatea espero du, Udal Legearekin eta Eudelekin akordioak lortu ondoren. Halere, elkarrekin akordio gehiago lortzeko ezker abertzaleak argia izan behar du, Ortuzarren esanetan: "Beraientzat zer den garrantzitsuena esan behar dute, ezkerrekoak izatea edo abertzaleak izatea".

Buruzagi jeltzalearen hitzetan, "ez da gauza euskal aberria nahi izatea edo gizartean errebolta eginda eta sistemaren aurka borroka eginda Euskadi iraultzaile bat izatea". Ortuzarren berbetan, lehenengo aukerari buruz hitz egiteko prest daude, "baina bigarren aukera nahi badute dei dezatela beste atera batera, gizarte eredu hori ez baita gure".

Ezker abertzaleak oraingoz "mezu nahasiak" dituela esan du eta ohartarazi du EAJk ez duela uste "gatazka denik arazoak konpontzeko modua".

"Gatazkak gatazka gehiago dakar. Gatazka azken aukera da beti, aukera txarra da, gurea moduko herri txikientzat behintzat. Estatuarekin gatazka sortzea pentsatu baino lehen, indar handiagoa jarri beharko da hemen, euskaldunon artean, akordioak lortzeko", esan du estatus berri bati erreferentzia eginez.

Aske izan nahi dugu

"Euskal abertzaleak gara, abertzaleak. Euskal aberrian sinesten dugu eta handitu nahi dugu. Globaltasunak eta testuinguru politikoak ez digu erraz jarriko, baina gugan konfiantza dugu, Euskadi deitzen den proiektu hau bultzatzen jarraitzeko gure gizonen eta emakumeen gaitasunean", gehitu du.

Aberri eguneko leloari erreferentzia eginez esan duenez, "erabakitzeko eta aske izateko bultzada” behar dugu. “Euskadi gure aberria da, gure aberri bakarra eta aske izan nahi dugu, bizitzeko, aske izateko, erabakitzeko eta izateko aske", gaineratu du.

Lehendakari Iñigo Urkulluk partekatutako subiranotasuneko estatus berriaren alde egin du; estatus horren xedea da "euskal Estatua izatea, are gehiago". Hala, apustua egin du "interdependentziatik burujabetza handiagora" pasatzeko.

Aberri Egunean EAJk Bilboko Plaza Barrian egindako ekitaldian ('Bultzada Berri Bat' lemapean), Urkulluk bermatu du bere alderdiak "oraina" lan egiten duela "etorkizuna eraikitzeko"; esan duenez, helburua da "estatus politiko berri bat" lortzea, "Estatuarekiko harreman-eredua gaurkotzeko".

"Elkarrizketaz eta elkarren arteko aditzeaz ari gara, negoziazioaz eta akordioez, itunaz. Ituna da Euskal Estatuen Konfederazioaren sustraia, Foru Nazioa. Partekatutako subiranotasunaren eredua da. Euskal Estatuen formulatik, euskal Estatu gehiagora. Interdependentziatik, euskal Estatu gehiagora", esan du.

Bere iritziz, hori da "abertzaletasun kooperatibo, kolaborazioaren aldeko eta integratzaile baten esentzia da, kontuan izanik bata bestearen gainean jarritako subiranotasun-markoan gaudela, gizarte anitz batean".

Albisteak (2)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)