Aberri Eguna
Urizar:'Lurralde eta gizarte kohesiotik eraiki behar da Euskal Herria'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aberri Egunaren harira, Independentistak sareak Iruñean deitutako ekitaldiekin bat egin du ezker abertzaleak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "erabakitzeko eskubidea erreminta gisa hartuta, Euskal Herriaren etorkizuna lurralde eta gizarte kohesiotik eraiki behar da".
Aberri Egunaren harira Independentistak sareak Iruñean antolatutako ekitaldiekin bat egin du ezker abertzaleak, eta eguerdiko mobilizazio nagusia aurretik kazetarien aurrean hitz egin du Pello Urizarrek. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenen inguruan gehiengo sozial eta politikoa eraikitzeko deia egin du EH Bilduko legebiltzarkideak. Koalizioak horretarako tresna eraginkorra izan nahi duela azpimarratu du, bai ikuspegi nazionala izango duten akordioak gauzatuz eta baita gaia herrialde honen agenda sozialean gehituz ere.
Urizarrek azpimarratu duenez, aldaketa politikorako eta sozialerako tresna gisa ulertzen du EH Bilduk erabakitzeko eskubidea: "hiritarren eskura dagoen tresna bat da bera izan dadin protagonista nagusia eragiten dioten eta herrialdearen etorkizunari buruzko erabakiak hartzerakoan".
Estatu espainiarrera begiratuta, Urizarrek azpimarratu du Estatuak ez duela "inolako borondaterik" Euskal Herria "subjektu politiko gisa" aitortzeko, eta Estatuarekin akordio batera heltzeko aukera bakarra etsi eta inposatutako legea onartzea dela. "Hori dela eta, Euskal Herritik pausoak ematearen beharra proposatzen dugu, herrialde gisa aurrera egiteko aukera bakar gisa", gaineratu du.
Ildo horretan, Urizarrek zehaztu du euskal gizarteari bide horretan aurrera egiteko bide bat, tresna bat, akordio bat edota gehiengo bat eskaintzeko erantzukizuna duela EH Bilduk. "Gizarte eta herri gisa gure etorkizuna bermatzeko eta hobetzeko aukera erreal bakarra independentzia dela ikusarazi behar dugu", nabarmendu du.
Bestalde, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Euskal Herriaren independentzia eskatu du, ez bakarrik "planteamendu identitario" batetik, baita euskal herritar guztientzat justizia soziala lortzeko bide gisa. Barrenaren esanetan, independentzia da berdintasunezko gizarte bat eta euskal herritar guztientzat justizia soziala lortzeko aukera bakarra.
Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak ere hartu du hitza eta Euskal Estatua eraikitzeko eta Euskal Errepublika Independentea aldarrikatzeko asmoa agertu du. Ariznabarretaren esanetan, "erabakitzeko aroan sartu gara" eta demokraziari, justizia sozialari, etorkizunari, euskarari, euskal estatuari eta independentziari bai esateko garaia da. "Mugimendu abertzaletik harago joango den mugimendu independentista sortu behar dugu", gaineratu du.
tu du.