Negoziazioak
Urkulluk uste du porrot politikoa litzatekeela bozak errepikatzea
agentziak | erredakzioa
Lehendakariak Gobernua osatzeko akordioa egitea eskatu die alderdiei, hauteskundeak errepikatzea porrot politikoa izango litzatekeelako, baita “ustezko politika berriarena ere”.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernua osatzeko akordioa egitea eskatu die alderdiei, hauteskundeak errepikatzea porrot politikoa izango litzatekeelako, baita "ustezko politika berriarena ere".
Lehendakariak, Madrilen egin duten gosari informatibo batean, Estatu ituna eskatu du berriro "hurrengo belaunaldiarentzat elkarbizitza marko berria bermatuko dion" estatus politiko berria eskuratzeko.
"Geldialdi politikoak konfiantza kentzen du, eta kalte larria egiten digu", salatu du lehendakariak, egoerak kaudimenari, inbertsioei eta erabaki ekonomikoei kalte egiten diela azpimarratu aurretik. "2016a ezin da egonkortasun ezagatik galdutako urtea izan, eta dagoeneko urtearen laurdena igaro da", gaineratu du.
"Ezin dugu etsi, eta ezin dugu hauteskundeen aurrerapena patu saihestezin gisa hartu", ohartarazi du, eta hori gertatuko balitz "alderdiek akordioetara iristeko ardura bere gain hartzen jakin ez dutelako" izango dela adierazi du. "Hauteskundeetara itzultzea politikaren porrota da, baita ustezko berriarena ere", berretsi du.
Etorkizunari begira, Estatuarekin ituna egitea defendatu du, eta Gernikako Estatutua, 36 urteren ostean, oraindik ez dutela bete eta murrizten ari direla. "Euskadiren etorkizunerako Estatus Politiko Berrirako eskaera sozialari erantzun behar zaio, autogobernuaren sistema eta Estatuaren harreman eredua berritzeko", azpimarratu du.