Sanchez-Iglesias bilera
Sanchez:'Aldaketaren gobernutik gertuago eta bozetatik urrunago gaude'
agentziak | erredakzioa
Bestalde, Pablo Iglesiasek iragarri du PSOEren Gobernuan sartzeari uko egiteko prest dagoela, horrek Podemosen eta PSOEren arteko koalizio aurrerakoiari bide ematen badio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez PSOEren buruak esan du Espainia "gertuago" dagoela aldaketaren gobernutik eta "urrunago" hauteskundeen errepikapenetik, Podemosekin eta Ciudadanosekin akordioa egitea posible ikusten duelako.
Horixe adierazi du Sanchezek Kongresuan, Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiarekin bildu ostean, eman duen prentsaurrekoan.
Azaldu duenez, Sanchezek "161en bidea" (PSOE, Podemos-En Comu-En Marea, Compromis eta IU-UP) hartzeko Iglesiasek egin dion proposamenari "199en bidea"rekin erantzun dio (PSOE, Podemos eta Ciudadanos).
"Gehiengoaren bidea" hori dela defendatu du, gehiengo osora heltzen den bakarra dela, eta espainiarren gehiengoak abenduaren 20an bozkatu zuena hobekien ordezkatzen duela.
"Hitz eginez" eta "negoziatzen" Podemosekin puntu horretan dagoen desadostasuna "konpondu" egin daitekeela ziurtatu du, eta horretarako "hiruko mahaia" proposatu, bertan PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek "200, 300 edo 400 neurri adostu" eta Parlamentuan onartzeko.
"Gobernu parlamentarioa egin dezagun legegintzaldi honetan, benetako gobernu bihur dezakegu ganbera hau", proposatu du buruzagi sozialistak.
Sanchezek, bestalde, azpimarratu du gaurko bileraren "urrats handiena 100 egunez negoziatzen aritu ostean, azkenean" Iglesiasek "PSOErekin eta Ciudadanosekin hitz egiteari baiezkoa ematea" izan dela.
Pedro Sanchez, bileraren ostean. Efe
Iglesiasek uko egingo lioke Gobernuan sartzeari
Iglesiasek, bere aldetik, iragarri du PSOEren Gobernuan sartzeari uko egiteko prest dagoela, horrek Podemosen eta PSOEren arteko koalizio aurrerakoiari bide ematen badio. Dena dela, Podemoseko norbaitentzat nahi du presidenteorde kargua, eta Gobernua proportzionaltasunez osatzea.
Iglesiasek Sanchezek baino lehentxeago eman du prentsaurrekoa, bi mandatariek egin duten bi orduko bileraren ondoren. "Oso gustura" atera omen da bertatik, "elkarrizketarekin jarraitzeko borondatea" agertu dutelako biek.
Hala, aurrerantzean PSOErekin negoziatzeko taldeko buru izango dela azaldu du, alderdien hauteskunde programez eztabaidatzeko, "akordiora iristeko elementu asko" daudelakoan baitago.
Gainera, Albert Rivera Ciudadanosen presidentearekin biltzeko prest agertu da, nahiz eta alderdi horrekin gobernu bat osatzea errefusatu, PPren politikak atzean uztea ahalbidetuko lukeen gobernua osatzeko lagun dezala eskatzeko.
Iglesiasek berretsi du bere gobernu eredua "161ena" dela (PSOE, Podemos, IU eta Compromis), "130ena (PSOE eta Ciudadanos) baino eraginkorragoa, seguruagoa eta hobea" dela iritzita.
Hori dela eta, "'Valentziako erara' gobernua osatzeko" bere presentzia "oztopoa" bada, "gobernuan ez sartzeko prest" omen dago. Azaldu duenez, Sanchezek esan dio PSOEko kideek ez luketela ondo hartuko bera Gobernuan egotea. "Oztopoa ni banaiz, ez dago arazorik", berretsi du.
Iglesiasek proposamena egin du Kataluniako erreferendumaren inguruan ere. Bere jarrera "betikoa" omen da, baina eskaintza helarazi dio Sanchezi, ?Miquel Iceta PSCren buruak eta Xavier Domenech En Comu-Podemen buruak adostasuneko proposamen bat" egin dezaten. Pedro Sanchezi ez omen zaio gaizki iruditu.
Pablo Iglesias, bileraren ostean. Efe
C?s-ren babesik, ez
Jose Manuel Villegas Ciudadanosen idazkari nagusiordeak ezezko borobila eman dio Iglesiasi, ez omen du "inola ere" Podemos barne hartzen duen Gobernu bat babestuko.
"Mezua jaso eta erantzun dugu", azpimarratu du Villegasek, Iglesiasek Ciudadanosi PSOE-Podemos Gobernua errazteko abstentzioa edo aldeko botoa eman dezala eskatu ostean.
Ciudadanosek ez du arazorik, hala ere, Podemosen abstentzioarekin, horrek PSOE-Ciudadanos Gobernua ahalbidetuz gero.