ESPAINIAKO GOBERNUA
Ostegunean bilduko dira PSOEko, Podemoseko eta C's-eko negoziatzaileak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernu berria osatzeko ahaleginean, lehen aldiz batuko dira hiru alderdiotako ordezkariak, joan den astean Sanchezek eta Iglesiasek ez atzera ez aurrera zegoen egoera desblokeatu ondoren.
Ostegun honetan bilduko dira PSOEko, Podemoseko eta Ciudadanoseko negoziazio-taldeko ordezkariak, Espainiako Gobernu berria osatzeko elkarrizketen baitan. Diputatuen Kongresuan dute hitzordua, 16:30ean, alderdi laranjako eta sozialistako iturriek jakitera eman dutenez. Maiatzaren 2a baino lehen gobernu-itun bat erdiestea da helburua, hauteskundeak berriro deitu behar ez izateko.
Lehen aldiz bilduko dira hiru alderdiotako negoziatzaileak. Orain arte, ezinezkoa izan da hiru taldeak mahai berean esertzea, batzuek eta besteek jarritako oztopoak tarteko. Joan den astean Pablo Iglesiasek (Podemos) eta Pedro Sanchezek (PSOE) izandako bileraren ostean baina, ate berri bat zabaldu zen.
Bilera horren ondoren Iglesiasek iragarri zuen bera izango duela buru Podemosen negoziazio-taldeak. Iñigo Errejon, Irene Montero, Nacho Alvarez eta Carolina Bescansa dira gainerako taldekideak, En Comu Podem eta En Marea taldeetako ordezkariekin batera.
PSOEren negoziatzaileak Antonio Hernado, Jose Enrique Serrano, Rodolfo Ares, Meritxell Batet, Maria Luisa Carcedo eta Jordi Sevilla dira, eta Ciudadanosekoak, berriz, Jose Manuel Villegas, Juan Carlos Girauta, Luis Garicano eta Marta Martin. Dena dela, osteguneko hitzordura zein joango diren ez dute zehaztu alderdiek.
Programa 'bateraezinak'
Helburu zehatzekin joango dira bilerara guztiak. Podemosek abstenitzeko eskatuko dio Ciudadanosi; modu horretan, Valentziako eredua eraman nahiko luke Espainiako Gobernura alderdi laranjak. Ciudadanosek, berriz, Podemosi eskatuko dio Gobernu berria osatzeko bozketan abstenitzeko, PSOE-C?s ituna bete ahal izateko.
Alor ekonomikoan eta sozialean dituzten programak bateraezinak direla berretsi dute, behin eta berriz, Podemosek eta C?s-ek. Berritze demokratikoa abian jartzeko asmoan egiten dute bat, soilik.
Hain zuzen, azken hari-mutur horri heldu nahi diote sozialistek, gobernu-ituna lortzeko. PSOEren iritzian, Ciudadanosekin adostutako 200 neurrietako 140 inguru Podemosen ildoekin bateragarriak dira. Pedro Sanchez PSOEko buruak argi utzi du ez duela C?s-ekin adostutako hitzarmena atzera botako.
Sanchezen ustez, ez da beharrezkoa atal guztietan erabateko adostasuna erdiestea. Horren aburuz, Gobernu berria abian jartzea ahalbidetuko duten gutxieneko itunak bilatu behar dira, eta, ondoren, Kongresuan, aldian aldian, gai zehatzen inguruko akordioak lortu.