Itxi

Euskobarometroa

EAEko herritarren % 3k bakarrik aldatuko luke botoa hauteskundeetan

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

% 39k nahiago du PSOEk, IUk eta Podemosek osatutako Gobernua; % 2k, PP-Ciudadanos; eta % 3k, PP-PSOE-Ciudadanos.

Abenduaren 20ko hauteskundeak. Argazkia: efe

EAEko herritarren % 78k ez luke botoa aldatuko hauteskunde orokorrak errepikatuko balira, eta % 3k bakarrik aldatuko luke; % 13k, berriz, abstentzioa edo boto zuria emango luke, eta % 16k ez du iritzirik horren inguruan. Gainera, % 39k nahiago du PSOEk, IUk eta Podemosek osatutako Gobernua; % 2k, PP-Ciudadanos; eta % 3k, PP-PSOE-Ciudadanos. % 18k hauteskundeak errepikatzearen alde egiten du.

Francisco Jose Llerak zuzendutako EHUren ikerketa taldeak 600 elkarrizketa egin zituen urtarrilaren 19tik 31ra, eta horietan oinarrituta kaleratu dute txostena.

Emaitzen balorazioa

Bestalde, EAEko herritarren % 69 ez dago gustura edo ez dago batere gustura abenduaren 20ko hauteskunde orokorren emaitzekin. Horien aurrean, % 29 gustura agertu da, tartean EAJren boto-emaileen % 57 eta Podemosen boto-emaileen % 34.

Espainiaren eta EAEren etorkizunarentzat emaitza horien onak ala txarrak diren galdetuta, % 47k uste du txarrak direla Espainiaren etorkizunarentzat; eta % 37k, onak direla. EAEren kasuan, % 44 baikor agertu da, eta % 37, ezkor.

Botoa nori eman noiz erabaki zuten ere galdetu diete herritarrei, eta inkesta egin dutenen % 72k erantzun du hauteskunde kanpainaren aurretik erabaki zutela; % 14k, kanpainan hartu zuela erabakia; eta % 13k, hauteskunde egunean bertan.

Independentzia

EAEko herritarren % 63k ez du independentziarik nahi, eta % 24k “gogo handia” du helburu hori lortzeko, baina azken horrek sei puntu egin du behera sei hilabetetan. Herritarren % 32 erkidego izaten jarraitzearen alde dago, % 29k nahiago du federalismoa, eta % 23k konfederalismoa, Euskobarometroaren arabera.

Inkestan jaso dutenez, independentzia nahi dute EH Bilduko boto-emaileen % 79k eta EAJko boto-emaileen % 27k.

Buruzagien balorazioa

Iñigo Urkullu lehendakaria, Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusia eta Alberto Garzon IUren burua dira gainditzetik gertuen geratu direnak, 4,9ko puntuazioarekin. Gainera, herritarren % 73k 5etik gorako balorazioa eman dio Jaurlaritzaren kudeaketari.

Buruzagien balorazioan horien atzetik geratu dira Andoni Ortuzar (4,6), Hasier Arraiz (4,5), Arnaldo Otegi (4,1), Idoia Mendia eta Eduardo Maura (3,7).

Albisteak (4)