BOZKETAK
Miarritzek ezezkoa eman dio herri elkargo bakarra sortzeari
EUSKADI IRRATIA
Bozketak hasi zirenetik, dagoeneko 24 udalerri agertu dira horren alde; herritarren % 41. Erdia (% 50) behar da erakunde berria onartzeko. Maiatza amaitu arte dute 158 udalek boza emateko.
Miarritzeko Herri Kontseiluak ezezkoa eman dio Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herriko herri elkargo bakarra sortzeko proposamenari. Beste bost udalek baiezkoa eman dute azken orduetan.
Atzo egin zuten bozketa, eta 22 hautetsik elkargo bakarraren kontra eta 13k alde bozkatu zuten. Peio Claverie (AB) hautetsi abertzalea emaitzarekin "minduta" agertu da Euskadi Irratian. Oraingoz, udal gobernuan jarraitzeko asmoa duela esan du, baina azken egunotako tirabirek etorkizunean eragina izan dezaketela gaineratu du.
Kontrako jarrera dutenek behin eta berriz salatu dutenaren arabera, herri elkargo bakarra sortzeko ekimena presaka eta behar bezala aztertu gabe atera nahi dute aurrera.
Hazparnek eta Irisarrik, aho batez, eta Urdiñarbek, Muskildik eta Mugerrek, gehiengo osoz, baiezkoa eman diote herri elkargo bakarra sortzeko proposamenari.
Bozketak hasi zirenetik, 24 udalerri agertu dira horren alde; herritarren % 41. Erdia (% 50) behar da erakunde berria onartzeko. Maiatza amaitu arte dute 158 udalek boza emateko.
Oraingoz, lau udal agertu dira kontra; 31.600 herritar ordezkatzen dituzte, Ipar Euskal Herriko biztanleen % 11.