Apirilak 25 eta 26
Espainiako erregeak beste bilera-sorta bat egingo du alderdiekin
Agentziak | Erredakzioa
Talde politikoek aukeratzen dituzten ordezkarien zerrenda apirilaren 21ean igorriko dio Patxi Lopez Diputatuen Kongresuko presidenteak Felipe VI.ari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erregeak bilera-sorta berri bat egingo du apirilaren 25ean eta 26an, Gobernuko presidentegai bat proposatzea posible den egiaztatzeko edo Gorteak desegin eta hauteskunde orokorrak deitzeko.
Errege Etxeak agiri batean azaldu duenez, Zarzuelara joateko talde politikoek aukeratzen dituzten ordezkarien zerrenda apirilaren 21ean igorriko dio Patxi Lopez Diputatuen Kongresuko presidenteak Felipe VI.ari.
Egun horretan bertan, Zarzuelan buruzagiak hartzeko datak eta orduak jakinaraziko dizkiote Kongresuko presidenteari. Agintari politikoek, aldiz, hitzorduaren berri apirilaren 22an izango dute.
Hautagaia edo hauteskundeak
Agiriaren arabera, hirugarren bilera-sorta honen helburua “talde politikoetako ordezkarien jarrera ikusi” eta erregeak “Diputatuen Kongresuaren babesa izango duen Gobernuko presidentegai bat proposatzea posible den” aztertzea da.
Bestela, erregeak “hautagai bat proposatzeko aukerarik ez badu, bi ganberak desegin eta hauteskunde orokor berriak deituko” ditu, “Kongresuaren babesarekin”, Konstituzioaren 99.5 artikuluak aurreikusitakoaren arabera.
Bilera-sorta presidentegai baten proposamenarekin amaitzen bada, Patxi Lopezek Kongresuaren osoko bilkura deitu beharko luke, inbestidura eztabaida berri baterako.
Hala, Ganberako presidenteak Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea apirilaren 27rako deitu beharko lituzke, eta inbestidura saioa 28an edo 29an izango litzateke. Ondorioz, lehen bozketa apirilaren 30ean, larunbatean, egingo lukete.
Bigarren bozketa maiatzaren 2an izango litzateke, hauteskunde orokor berriak deitzeko epea bukatu baino lehen, inbestidurak aurrera egiten baldin ez badu.
Hauteskundeak deitzekotan, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko lukete maiatzaren 3an, hauteskundeak ekainaren 26an egiteko, 54 egun geroago.
ERC eta EH Bildu ez dira Felipe VI.a erregeak deituriko bilera errondara joango
ERCk eta EH Bilduk uko egingo diote Felipe VI.a Espainiako erregeak hilaren 25erako eta 26rako Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoekin deituriko bilera errondan parte hartzeari.
Hala adierazi dute bi alderdi horietako ordezkariek Espainiako Diputatuen Kongresuko pasilloetan. Gabriel Rufian ERCk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile ondokoak azaldu duenez, "koherentzia"gatik haren alderdia ez da erregeak deituriko bilerara joango. "ERCren bulegoko ateak irekita daude, baita Felipe VI.arentzat ere. Kataluniako erakundeak errespetatzea soilik eskatzen diogu", adierazi du.
Bestalde, Onintza Enbeita EH Bilduko diputatuak ere adierazi du koalizioa ez dela erregearekin batzartuko. "Duela hiru hilabete ez genuen bilera horretara joateko arrazoirik ikusi eta, oraindik ere ez dugu horretarako arrazoirik ikusten", esan du. "Egoera ez da aldatu", gaineratu du.