Elkarrizketa Euskadi Irratian
Podemos Euskadiren lehendakarigai izatea aztertzen ari da Biurrun
EITB.EUS
Alderdi morearen esanetan, oraingoz epaileari bakarrik egin diote proposamena.
"Aztertzen ari naiz", aitortu du Garbiñe Biurrun epaileak. Podemos Euskadik hauteskunde autonomikoetarako lehendakarigai izateko eskaintza egin ote dion galdetu diote gaur Euskadi Irratian, eta proposamena egin egin diotela eta aztertzen dabilela erantzun du Biurrunek.
Aspalditik zebilen zurrumurrua Podemos Euskadik EAEko Auzitegi Nagusiaren Gizarte arloko presidentea hautagaitzat nahi zuela, baina orain arte, horixe zen, zurrumurrua.
Gaurkoan, baina, aukera horretaz galdetu diotenean, baieztatu egin du Biurrunek: "Beti esan dut baloratuko nuela, eta horretan ari naiz. Orain badakit Podemosen nahiko luketela ni hautagai izatea".
Biurrunen hitzetan, "laster" emango du bere erabakiaren berri, "egoera politikoa dagoen bezala egonda".
Biurruni bakarrik eskaini dio Podemos Euskadik
Podemos Euskadi alderdiko iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diotenez, oraingoz epaileari bakarrik eskaini diote lehendakarigai izatea. Hori gorabehera, hautagaia alderdiko militanteen artean egingo duten barne hauteskundeetan aukeratu beharko dute.
Alderdi morearen esanetan, hauteskunde zerrendak erabakitzeko hauteskundeetara aurkeztu beharko da Biurrun, eta beste balizko hautagai batzuekin lehiatu beharko da. Dena dela, oraingoz, berari bakarrik egin diote proposamena.
EAEko hauteskundeetan koalizioan aurkeztea ez du baztertu Podemos Euskadik, bai Equorekin zein Ezker Anitza-IUrekin. Koalizioa izatekotan, alderdi guzti horien militanteek parte hartu beharko lukete hautagaitza erabakitzeko bozketan.
Bestalde, Podemos Euskadiko arduradunek jakinarazi dutenez, PSE-EEko kideekin bilduko dira ostiral honetan.