Itxi

Polizia-operazioa

Manos Limpias sindikatuko eta Ausbanceko buruak atxilotu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Estortsioa egitea leporatzen diete. Antza, bankuei, enpresei eta instituzioei dirua eskatzen zieten, haien aurka auzitegietara ez joatearen truke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Poliziak Manos Limpias funtzionarioen sindikatuarekin eta Banku Zerbitzuen Erabiltzaileen Elkartearekin (Ausbanc) lotura duten hamaika pertsona atxilotu ditu, banketxeak estortsionatzen zituen sare baten aurka egindako operazioaren barruan.

Ikerketaren arabera, banketxeei dirua eskatzen zieten haiei buruzko kontrako informazioak ez hedatzearren edota epaitegietan haien aurka legezko jarduerak ez egitearren truke.

Atxilotu dituzten hamaika pertsonen artean daude, besteak beste, Miguel Bernad Manos Limpiaseko idazkari nagusia eta Luis Pineda Ausbanceko presidentea. Pinedarekin batera haren emaztea (Maria Teresa Cuadrado Diez) eta idazkaria ere atxilotu dituzte, Atocha tren-geltokian, Sevillatik zetorren AVEtik jaitsi direnean. Bernadek eta Pinedak astelehenean deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean.

Poliziak zazpi orduz miatu du Manos Limpiasek Madrilen duen egoitza, Miguel Bernad aurrean zelan. Ausbancen egoitza ere arakatu dute.

Kereilak

Poliziak uste du kolektibo biek (Manos Limpias eta Ausbanc) elkar hartzen zutela enpresei, bankuei eta instituzioei dirua eskatzeko; itxura denez, haien kontra kereilak aurkeztuko zituztela mehatxu egiten zieten, euren esanei men egin ezean.

Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailea ari da ikerketa zuzentzen, estortsio-sareko ustezko zenbait biktimek jarritako salaketen ostean ireki dena. Zehazki, Polizia Nazionala duela urtebetetik ari da bi erakundeen jardunak aztertzen, tramaren jazarpena jasan zuten bankuetako zenbait langilek jarri zituzten salaketetan oinarrituta.

Itxura denez, estortsio-sareak banketxe bat auzitara eramaten zuen zenbaitetan; ondoren, behin egikaritzak hasita, auzia uzten zuen biktimen azalpenak balekoak iruditzen zitzaizkiola esanez. "Akusazioa gauetik egunera kentzen zuten, dagoeneko estortsioaren ordainketa jasota baitzuten", diote ikerketako arduradunek.

Noós auzia

Aiputakoez gain, Poliziak Manos Limpiasi leporatzen dio Noos auzian Cristina infantaren aurka jarrita duten akusazioa kentzea eskaini ziela bi banketxeri, baldin eta hiru milioi euro ordaintzen bazituzten.

Horren harira, antzeko gauza adierazi du Pau Molins Cristina infantaren abokatuetako batek ere; hau da, Manos Limpiasek "guztiz neurrigabea" den diru kopurua eskatu ziola Noos auzian erregearen arrebaren aurkako akusazio kentzearen ordainean.

Forum-Afinsa auzia

Manos Limpiasek bere idazkari nagusiaren eta sindikatuko abokatu baten aurka (Virginia Lopez) Fiskaltzak aurkeztu duen kereila bati ere aurre egin behar dio. Kereila horretan jasotzen denaren arabera, bidegabe eskuratu zituzten 108.000 euro Forum-Afinsa auziarengatik eragindako plataforma bati zerbitzu profesionalak emateagatik.

Hain zuzen ere, Auzitegi Nazionalak Ausbanc jardunbide horretatik kanporatua zuen "iruzur prozesala" egotzita. Izan ere, herri-akusazio gisa aurkeztu zen, baina publikoki defendatu zuen bi enpresa horien legezkotasuna, beraietatik (zuzenean zein zeharka) 1,2 milioi euro jaso ondoren.

Fiskaltzaren akusazioak: estortsioa, organizazio kriminala, iruzurra, maula eta administrazio desleiala

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ondorengo delituak egozten dizkie Manos Limpias sindikatuko eta Ausbanceko arduradunei: estortsioa, organizazio kriminala, iruzurra, maula eta administrazio desleiala. Hala eman dute jakitera iturri juridikoek.

Fiskaltzak uste du bi entitateko arduradunek duela urte batzuk sortu zutela konjurazio bat hainbat bankuri estortsioa egiteko, xede izanik bankuek dirua ematea, Manos Limpiasek eta Ausbancek auzitegietan bankuen aurka ez jotzeko.

Iturri juridikoek zehaztu dute ikerketa 2015eko otsailaren 23an abiatu zutela, duela urtebete baino gehiago.

"Instrukzioan, aztarnak topatu ditugu pentsatzeko atxilotutakoek eurak edo gertukoak aberasteko erabiltzen zituztela elkarteak, nahiz eta elkarte horiek ez duten irabazi-asmorik", dio Ministerio Publikoak.

"Bankuei estortsioa egiteaz gain, diru-laguntzak iruzurra eginez lortzen zituzten, eta zenbait epaiketatan jarduera penala kentzea eskaintzen zuten, baldin eta diru-kopuru jakin bat, handia bera, ematen bazieten". Hori guztia era antolatuan eta denbora luzean egin izan dute.

Hain zuzen, pistak daude esateko Manos Limpiasek eskaini ziela La Caixa eta Banco Sabadelli Cristina Infantaren aurka 'Noos Auzian' egiten duen akusazioa kentzea, eta horren truke hiru milioi euro eskatzen zuela. Hala baieztatu dute Auzitegi Nazionaleko iturri batzuek.

Ausbancek Sevillan duen ordezkaria atxilotu dute; faktura faltsuak egiteagatik kondenatu zuten

Poliziak Ausbancek Sevillan duen ordezkaria atxilotu du. Jose Marin du izena, eta Sevillako Udalean Macarena barrutiko idazkaria izan zen. 2010ean kartzelan sartu zuten, lau urte eta hiru hileko zigorra betetzeko, faktura faltsuak egiteagatik.

Ikerketaren iturrien arabera, Marin ez ezik, Manos Limpiaseko abokatu Jose Maria Gomez Leon ere eraman dute atxilo Sevillan. Instrukzioa Sevillan izan duten zenbait auzitan ordezkatu du elkartea abokatu horrek.

Ausbanceko buru Luis Pinedak duela bi egun jarri zuen Twitterren argazki bat non ikusten zaion Marini sevillanak dantzatzen Sevillako Apirileko Azokan; Ausbanceko agintaria bertatik ari zen heltzen Madrilera, Atocha geltokira, atxilotu dutenean.

Marinek zigorra izan zuen zeren eta egotzi baitzizkioten ondare publikoak bidegabe erabiltzea eta dokumentu ofizialean faltsukeria egitea; izan ere, sei faktura faltsu ordaindu zituen, lan txiki batzuengatik (lan horiek ez zeuden eginda, ala bakarrik partzialki). Enpresari bat ere, Jose Pardo, zigortu zuten delitu horiengatik.

Bideoak (1)