Diru sarreren bermea
PPk euskara edo gaztelera jakitea exijitu nahi du, DSBE jasotzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier de Andresen arabera, "Euskadin bost urte daramatzan pertsona batek bi hizkuntza ofizialetatik bakarra ere ez badaki" integratzeko borondaterik ez duelako da.
Alderdi Popularrak euskara edo gaztelera jakitea exijitu nahi die herritarrei, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jaso ahal izateko.
Hala iragarri du Javier de Andres Arabako PPren buruzagiak Gasteizen egindako agerraldian. Bere esanetan, hizkuntza ofizialetako bat jakinda, gizartean integratuta dagoen seinale da.
“Pertsona batek Euskadin bost urte badaramatza eta euskara edo gazteleraz ez badakizki, errenta finko bat jasotzeko denbora agortzen ari zaiola ohartarazi beharko genioke; izan ere, alderantziz eginez gero, gizarteari ekarpenik egin gabe diru-sarrera finkoak izateko modua dagoenaren mezua igorriko genieke pertsona horiei”, azaldu du.
Javier de Andresek erantsi du "Europar Batasunean ere" aukera hori aztertzen ari direla jada.
Gauzak horrela, Alderdi Popularrak ekimen bat jarriko du abian datozen hilabeteetan diru-sarrerak bermatzeko errentak dituen “akatsak” antzemateko. Horretarako hainbat galdera egingo dituzte Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailean, eta, besteak beste, orduan jarriko dute mahai gainean aipatu laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa izatea euskara edo gaztelera jakitea.