NOOS AUZIA
Noos auzitik Manos Limpias kanporatzeko eskatu du Torresen abokatuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ausbancek eta Manos Limpiasek ustez elkarrekin martxan jarritako estortsio sarea dela eta eskatu du Manuel Gonzalez abokatuak sindikatua Noos auzitik kanporatzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Manos Limpias sindikatua Noos auzitik kanporatzeko eskatu du Diego Torresen defentsak, joan den astean lehertutako eskandaluaren harira: Ausbanc elkarteak eta Manos Limpiasek ustez elkarrekin antolatutako estortsio sarearekin lotuta, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe eta bermerik gabe espetxera bidali ditu Miguel Bernad eta Luis Pineda bi elkarteotako buruak. Ostiralean atxilotu zituzten biak, ustez bankuei estortsioa egiteagatik, auzitegietan haien aurkako helegiteak erretiratzearen truke.
Samantha Romero epaimahaiko presidenteak berehala erantzun dio Manuel Gonzalez Peeters abokatuari, gai horren inguruan erabakitzeko unea ez dela esanez. Saioaren amaieran aztertuko dutela gaia ziurtatu du Romerok. "Lekukoen txanda amaitutakoan, gaurko saioaren amaieran, aztertuko dugu gaia", esan du.
Horren aurrean, Gonzalez Peetersek berriro hartu du hitza; "Prozeduraren jarraipenean eragin zuzena izan dezake Ausbanc eta Manos Limpiasen eskandaluak", berretsi du.
Noos auzian herri akusazio gisa ari da parte hartzen Manos Limpias. Besteak beste, zortzi urteko kartzela-zigorra eskatzen du sindikatuak Cristina infantarentzat, bi delitu fiskal egotzita.