Polizia-operazioa
Torturaren aurka mobilizatzeko deia egin dute 'aztnugaL'eko auzipetuek
agentziak | erredakzioa
Burlatakoa bezalako mural gehiago egiteko eta larunbatean Nafarroako herri horretan egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatu dute.
'aztnugaL' auziko auzipetuek ohartarazi dute Poliziak "mendekua" hartu nahi duela, "Espainiako Estatuari interesatzen zaion errelato okerra inposatzeko", auzipetu horien omenez Burlatan izandako pintaketa batengatik atzo izan ziren atxiloketen harira.
Gorka Mayok, bost gazteen izenean (aurreko astean bi urteko kartzela zigorra ezarri zieten, fiskalarekin lotutako akordio batean) emandako prentsaurreko batean, bere garaian egin zuten tortura salaketa berretsi du.
Tortura horiek salatzeko egina zen Burlatako murala, atzo, Segurtasun Indarren kontrako "iraina" zelakoan, zortzi lagunen atxiloketa eragin zuena, tartean Txelui Moreno ezker abertzaleko kidearena.
Mayok azpimarratu du Espainiako Poliziak ez duela lortuko "bilatzen ari zena", "mehatxuek eta atxiloketek" ez dituztela geldituko: "Ez dute lortuko ez salatzea egin zizkiguten torturak".
Era berean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak salaketa horiek ez ikertzeagatik Espainiako Estatua zigortu zuela gogorarazi du, eta Euskal Memoriaren Fundazioak kaleratu berri duen txostenean 5.000 tortura kasutik gora agertzen direla, "tortura sistematikoa" zela agerian utziz.
Mobilizazioak
"Tortura salatzen duten pertsonak atxilotzea demokraziaren eta gertatutakoaren kontrako erasoa da", adierazi du Mayok, torturaren aurka dauden "ideologia guztietako" pertsonei larunbatean Burlatan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin aurretik.
Burlatako Udalak ere aparteko osoko bilkura deitu du gaur arratsalderako atzoko atxiloketen inguruan hitz egiteko, eta bihar elkarretaratze isila egingo dute.
Mayo gustura agertu da atxiloketek torturen kontrako salaketak "biderkatu" dituztelako, azken orduetan Burlatakoaren antzeko mural asko agertu baitira Euskal Herri osoan.
al Herri osoan.al Herri osoan.