EITB FOCUS
EAEk ez luke berdin bozkatuko autonomikoetan eta orokorretan
EITB.EUS
EiTB Focus inkestaren arabera, EAJk aise irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, baina jeltzaleek eta Podemosek lehia estua izango lukete orokorretan.
'EiTB Focus' galdeketa publikoaren lehen emaitzak kaleratu zituen joan den astean Euskal Irrati Telebistak, Gizaker inkesta-etxeak EiTBko albistegi zerbitzuetarako egindako ikerketa.
Apirilaren 21ean publikatu zen galdeketaren lehen atala, hauteskunde autonomikoen boto-asmoari buruzkoa. Horren arabera, EAEko hauteskundeak gaur egungo balira, EAJk irabaziko lituzke, eta Podemos Euskadik eta EH Bilduk eserleku kopuru bera lortuko lukete. EAJk 27 eserleku lortuko lituzke Eusko Legebiltzarrean; bigarren posturako lehia estua aurreikusi du inkestak, Podemos Euskadik eta EH Bilduk 15na eskuratuko bailituzkete. PSE-EEk 10 ordezkari izango lituzke ganberan; PPk, 7; eta Ciudadanosek, bakarra.
Inkestaren bigarren alea Espainiako hauteskundeei buruzkoa izan zen, eta apirilaren 22an zabaldu zuten EiTBko komunikabideek. EAJk eta Podemosek lehia estua izango lukete EAEn Espainiako hauteskunde orokorrak errepikatuko balira, makroinkestaren arabera. Hain zuzen ere, alderdi jeltzaleak 6 eserleku lortuko lituzke Euskadin, eta alderdi moreak, aldiz, 5-6. EAJk Bizkaian lortuko luke garaipena, eta, Podemosek, Gipuzkoan eta Araban; azken lurralde horretan, alde handiaz, gainera. Hor lortuko luke seigarren eserlekua.
Azkenik, 'EITB Focus' inkestaren hirugarren alea, apirilaren 23an publikatutakoa, hezkuntza sistemari eta irakaskuntzari buruzkoa izan zen. EAEko gizartearen gehiengoak hezkuntza publikoa eta 'D' eredua aukeratuko lituzke beren seme-alabak matrikulatzerakoan. Hezkuntza publikoaren aldeko hautua egin arren, herritarren % 29k uste dute ikastetxe pribatuetan kalitatea handiagoa dela; % 28k, berriz, pribatuak eta publikoak kalitate bera bermatzen dutela esan dute.
Fitxa teknikoa
Inkesta EAEn egin da, 1.200 lagunen artean (laurehun bat, lurralde bakoitzeko), % 95eko konfiantza mailarekin.
Eremu ikerketari dagokionez, 2016ko apirilaren 13 eta 14 artean egindako lana izan da, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Ildo horretan, analisi kuantitatiboa erabili dute ikerketa egiteko, telefono bidezko elkarrizketen teknikarekin.
Inkesten % 21,1 euskaraz egin dira, eta gainerako % 78,9a, gaztelaniaz. Batez beste, 11 minutu iraundu elkarrizketa bakoitzak.