Itxi

Zigor Kodearen erreforma

Odol-deliturik ez duten presoen zigorrak murriztea aztergai, ANan

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Maiatzaren 13an aztertuko du terrorismo delituak dituztenen, baina indarkeriazko ekintzekin loturarik ez dutenen, zigorrak murriztu ala ez, Zigor Kode berria atzera eraginez aplikatu ala ez.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

Auzitegi Nazionaleko osokoak maiatzaren 13an aztertuko du terrorismo delituak dituztenen, baina indarkeriazko ekintzekin loturarik ez dutenen zigorrak murriztu ala ez, Zigor Kode berria atzera eraginez aplikatu ala ez. Izan ere, Zigor Kodearen erreformaren ondorioz, gradu bat edo bi murrizteko aukera dago kasu horietan.

Orain arte, Zigor Kodearen 579 bis 4 artikulua (aipatu neurria aurreikusten duena) azkenaldiko epaiketetan bakarrik aplikatu dute, tartean Batasunako buruzagien kontra urtarrilean egindako epaiketan, edo Nafarroako Ekineko bost kideen kasuan.

Bi auzietan, artikulu horri esker 10 urtetik 2ra murriztu ziren ETAko kideak izateagatik ezarritako zigorrak, kartzela saihestuta. Dena dela, Fiskaltzarekin akordioa egin behar izan zuten, eta indarkeriari uko egiten ziotela berretsi behar izan zuten esplizituki.

Hori horrela, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoa osatzen duten 20 epaileek erabaki beharko dute ea artikulu hori atzera eraginez ezarri beharko litzatekeen.

Erabakia hartu aurretik, Concepcion Espejel epaile kontserbadoreak eta Ramon Saez Valcarcel aurrerakoiak gaiari buruz egindako txostenak entzungo dituzte.

Dena dela, erabakia ez da jurisdikzionala izango, eta zuzentarau batzuk ezartzera mugatuko dira, eta kasu bakoitza aztertu beharko dute epaileek.

Zigor Kodearen aipatu artikuluak aurreikusten duenaren arabera, objektiboki delituak larritasun txikiagoa badu, bitartekoak eta ondorioak aintzat hartuta, zigorrak gradu bat edo bi murriztu ahal izango dira.

Albisteak (1)