Aldundia eta Batzar Nagusiak
Arabak epaitegietara joko du frankismoaren krimenak salatzeko
Agentziak | Erredakzioa
PPk izan ezik, Batzar Nagusietako talde guztiek babestu dute frankismoaren krimenen aurka judizialki egitea.
Arabako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak galdatuko dute frankismoak aipatu lurraldean egindako krimenak justizia-epaitegiek ikertzea, xede izanik "delitu horien inpunitateari amaiera ematea". Arabako erakundeen erabakia talde guztiek babestu dute, PPk izan ezik; izan ere, PPk kontrako botoa eman du.
Aldundiak eta Batzar Nagusiek, hala, bat egiten dute Gasteizko Udalarekin, zeinak martxoan abiarazi zituen ekintza judizialak 1976ko martxoaren 3an jazotako gertaerengatik.
Egun hartan, bost langile hil eta ehunka zauritu ziren Poliziak jaurti ostean, protesta bat egiten ari ziren bitartean. Egun hartan bezala, ekimena talde guztiek babestu dute, PPk izan ezik; PPk kontrako botoa eman du. Debateak EH Bilduren proposamen bat izan du abiapuntu; izan ere, aipatu koalizioak Frankismoaren Krimenen aurkako proposamena egina zuen.
1977ko Amnistia Legeak "oinarrizko hastapenak hondatzen ditu"
Foru Ganberan onartutako testuaren arabera, 1977ko Amnistia Legeak "nazioarteko legediaren oinarrizko hastapenak hondatzen ditu"; izan ere, ez die uzten Espainiako auzitegiei urte hura baino lehen egindako krimen asko ikertzen.
Hori dela eta, Batzar Nagusiak aurkeztuko dira frankismoaren aurka Argentinan zabaldutako kausa judizialean. Gainera, asteazken honetan onartutako proposamenaren bidez, foru-erakundeek konpromisoa hartzen dute ekintza judizialak abiarazteko, Arabako epaitegietan, erregimen frankistak Araban egindako krimenak argitzeko.
Batzar Nagusiek eta Aldundiak zerrenda bat egingo dute, non zehaztuko dituzten delitu horien biktimen izenak, adinak eta lanbideak. Krimenaren data ere adieraziko da, eta azalduko da zein eskubide-urraketa jasan zuten zerrendan agertzen direnek.
Xehetasunak argitzea
Helburua da krimenen xehetasunak argitzea, erantzuleak identifikatzea (zuzenak eta zeharkakoak), eta, beharrezkoa balitz, "inputazioa gauzatzea, auzipetuak izatea, epailearen aurrean jartzea eta zigorra ezartzea".
Arabako Batzar Nagusien EH Bilduko bozeramailea Kike Fernandez de Pinedok nabarmendu du, ohar baten bidez, nola beharrezkoa den "inpunitateari amaiera ematea, eta bideak zabaltzea krimenak eta diktadura frankistako egintza ez-zilegiak epaitzeko".