Polemika
Okerra 'lehenbailehen' zuzentzeko eskatu dio Urkulluk Eurovisioni
Agentziak | Erredakzioa
Ikurrina 'bereziki debekatutako banderen zerrenda"tik atera ezean, Espainiak jaialdian parte hartzeari uko egin beharko lukeela uste du lehendakariak
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eurovision musika jaialdiak ikurrina "bereziki debekatutako banderen zerrenda"n sartzeagatik kexu agertu da Eusko Jaurlaritza. Iñigo Urkullu lehendakariak uste du akats "deitoragarria" dela, eta, horrenbestez, "lehenbailehen" zuzentzeko eskatu dio maiatzean Stockholmen egingo den jaialdiari.
RNE irrati kateari elkarrizketa eskaini dio goizean Urkulluk, eta atzotik bolo-bolo dabilen aferari buruz mintzatu da. Ikurrina zerrendatik kentzea onartuko ez balute Espainiak jaialdian parte hartu behar ote lukeen galdetuta, honakoa erantzun du lehendakariak: "Ez legoke txarto, auzi honek Espainiako Estatu osoari eragiten diolako".
"Ikurrina nazio baten, euskal nazioaren, sinbolo legala da", esan du Urkulluk, eta "DAESHen banderaren pare" jarri dute, deitoratu du. Lehendakariaren iritzian, akatsa "deitoragarria da oso, eta lehenbailehen konpondu behar dute". RTVEri ere egin dio deia Urkulluk: "Eurovisionen parte den aldetik, akatsa zuzentzen lagundu behar du".
Espainiaren papera
Eurovisionek akatsa zuzenduko ez balu Espainiak jaialdian parte hartu beharko lukeen galdetuta, ondo iritzi dio neurriari. "Ez legoke txarto, ez", adierazi du.
Lehendakariaren ustez, horrela jokatzea "ez legoke txarto", Espainiako Estatua "nazio aniztasuna ezaugarri duen zuzenbidezko estatu demokratikoa delako eta koofiziala den erkidego historiko bat duelako".
Ikurrina zerrenda horretan jartzeak "Euskal Autonomia Erkidegoari ez ezik, Espainiako Estatu osoari ere eragiten dio", Urkulluk nabarmendu duenez.
Eskaera Suediari eta RTVEri
Aurrez, Twitter sare sozialean duen kontuan iragarri duenez, zerrenda horretatik kentzeko eskatuko dio Jaurlaritzak Suediako enbaxadari eta RTVEri (Eurovisioneko kide da, Europar Batasuneko beste telebista publikoen moduan).
Urkulluren iritzian, ikurrina DAESHeko banderarekin batera jarri izana, "adibide moduan bada ere, ez da onargarria":
.@Gob_eus va a pedir a @EmbajadorSuecia y a @rtve la retirada de la #Ikurriña de la lista de banderas vetadas por @Eurovision.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 29 de abril de 2016
Su inclusión, junto a la bandera del DAESH, aunque solo sea a modo de ejemplo, no es de recibo.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 29 de abril de 2016
Erkoreka: "Onartezina eta arbuiagarria da"
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, Jaurlaritza "haserre bizian" dago auzi honekin. Donostian kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, ikurrina "espresuki debekatutako banderen zerrendan" sartzea "onartezina eta arbuiagarria" dela esan du Erkorekak.
Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremaneko arduradunak Suediak Madrilen duen enbaxadarekin ari dira hitz egiten, eta bera RTVEko zuzendariarekin mintzatu da telefonoz, akatsa "lehenbailehen" konpondu dezaten.
Erkorekaren iritzian, Eurovisionek ikurrina "onartutako banderen zerrendan sartzen ez badu, behintzat kendu dezatela espresuki debekatutako zerrendatik".
o zerrendatik".