Epaiketa
EAJ eta EH Bildu elkar hartuta, Arraizi babesa adierazteko
agentziak | erredakzioa
Egibarrek eta Urizarrek adierazpen bat irakurri dute ETAko kide izatea leporatuta epaituko duten Sortuko buruzagiari elkartasuna helarazteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehenean hasiko da Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko buruzagiaren kontrako epaiketa EAEko Auzitegi Nagusian, eta Joseba Egibar (EAJ) eta Pello Urizar (EH Bildu) legebiltzarkideek babesa eta elkartasuna helarazteko adierazpen bateratua irakurri dute.
Horiek gogoratu dutenez, talde armatuko kide izatea egotzita epaituko dute, eta sei urteko kartzela zigorra eta kargu publikoak betetzeko inhabilitazioa ezar diezaiokete. Gainera, astelehenean epaituko den jardun politikoaren ondorioz, Arraiz 2007an atxilotu eta kartzelatu zutela azaldu dute: "Bi urte eta erdi eman zituen behin-behineko espetxealdian, baina epaiketa orain iritsi da, 2016ko maiatzean, bederatzi urte pasatu eta gero. Atzerapen horrek, berez, herritar orori dagozkion oinarrizko eskubideak urratzen ditu, eta hala salatu behar dugu".
Gainera, auzi berean, 04/08 auzian, auzipetuta egon ziren beste lagun guztiak duela hilabete batzuk Auzitegi Nazionalean epaitu zituztela azpimarratu dute, eta gehienez ere bi urteko espetxe zigorra eta kargu publikorako inhabilitazioa ezarri zietela, Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin lotutako akordioari esker. Arraizek, ordea, ezin du akordio horrekin bat egin, foruduna delako, eta "babesgabetasun egoera arraro eta anormal batean" utzi dutela salatu dute.
"Desadostasun politikoak, beti zilegiak, alde batera utzita, berak bake eta bizikidetza demokratikoaren alde egin duen eta egiten duen lana ezagutzen dugu, eta hala aitortu nahi dugu publikoki", adierazi dute EAJren eta EH Bilduren ordezkariek.
Azkenik, "gogoeta" egiteko eskatu dute, Euskal Herrian erritmo judizialak eta erritmo politikoak "bateragarriak" izan daitezen.
izan daitezen.