Ekainak 26
Podemosek eta IUk aurreakordioa itxi dute hauteskunde orokorretarako
agentziak | erredakzioa
"Herrialdea berreskuratzeko", "herritar klaseen eta gehiengo sozialen alde", eta PPri hauteskundeetan irabazteko batuko dituzte indarrak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Podemosek eta Izquierda Unidak ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako aurreakordioa itxi dute, "herrialdea berreskuratzeko", "herritar klaseen eta gehiengo sozialen alde", eta PPri hauteskundeetan irabazteko.
Kaleratu berri dituzten prentsa-oharretan jakitera eman dutenez, "akordiorako gai nagusiekin" izandako adostasunaren ondoren, Pablo Echenique Podemosen Antolakuntza idazkariak eta Adolfo Barrena IUkoak behin betiko txostena adostuko dute datozen orduetan, argitaratzeko eta militanteek bozka dezaten.
Akordioa, hala ere, berretsi egin beharko dute bi alderdietako militanteak maiatzaren 10ean eta 11n, bihar eta etzi, egingo dituzten kontsultetan.
Aurreakordioa
Aurreakordioan agertzen denez, eta abenduko emaitzetan oinarrituta, lortzen dituzten sei diputatutik bat IUrentzat izango da, gutxienez 4 senatari egokituko zaizkio Garzon buru duen alderdiari, eta alderdiaren ikurra jarriko dute boto-txarteletan.
Bi alderdiek egindako kalkuluen arabera, koalizioak 58 eserleku lortuko lituzke abenduko emaitzak kontuan izanda (Kataluniako, Valentziako eta Galiziako taldeenak zenbatu gabe), eta datu horietan oinarrituta adostu dute zerrenden osaketa.
Hala, 9,6 postu izango lituzke IUk hasiera batean, federazio ezkertiarrak eskatutakoa hain zuzen ere, baina aurreikuspenak bete beharko lirateke horretarako.
Echeniquek egindako eskaintzaren oso antzekoa ere bada, 9 lehentasunezko postu edukitzea proposatu baitzion IUri.
Senatuari dagokionez, IUk gutxienez lau senatari izatea adostu dute.
Izena, erabakitzeke
Era berean, bi alderdiek azaldu dutenez, "bi alderdien irudiak eta ikurrak ikusaraziko dira" hauteskunde-kanpainan, eta boto-txarteletan".
Koalizioan bakoitzak bere izena izango du, baina izen "komuna" adostuko dute.
Estatu, erkidego edo udal mailako alderdiek ere koalizioarekin bat egin dezaketenez, horiek nola sartu ere ez dute erabaki oraindik.
Programa
"Eduki sozial handiko" programa batekin aurkeztuko da koalizioa, eskubideak berreskuratzea, lege injustuak deuseztatzea, ustelkeriaren kontrako borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta herritarren bizi baldintzei duintasuna ematea oinarri hartuta.
Era berean, "herritarra politikaren erdigunean" jarriko lukeen eredu konstituzionala aldarrikatuko omen dute.
Koalizioaren jardun ekonomikoa ere agertzen da aurreakordioan, eta printzipioen artean "zuhurtzia, gardentasuna eta kode etikoa" jarri dituzte.
Negoziazioak
Podemos eta IU apirilaren 29an hasi ziren negoziatzen ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan elkarrekin aurkezteko aukera. Lehenengo bileran, Zaragozan, Pablo Echeniquek eta Adolfo Barrenak bi alderdiek "puntu komunak" zituztela egiaztatu omen zuten, nahiz eta hauteskundeetarako ituna lotzeko gai "garrantzitsuak" eztabaidatzeke utzi.
Ordutik, negoziazioetan hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte, tartean Podemosek eta IUk osatutako bat-egitearen izena eta zerrendak. Iñigo Errejon Podemosen Politika idazkariak igandean esan zuen, dena den, zerrendetako ordena ez zela "oztopoa" izango akordiorako.
Egun horretan bertan, Pablo Echeniquek, IUrekin negoziatzeaz arduratu denak, aurreratu zuen Kongresurako hainbat postu eskaini dizkiotela IUri abenduko hauteskundeetako emaitzetan oinarrituta.
Akordioa akordio, Podemosek bere hauteskunde-kanpaina propioa antolatu du, ekitaldiren batean bi alderdiak elkar hartuta aterako diren arren.
IUren barne kontsulta
Bestalde, IUk maiatzaren 2tik 4ra galdetu zien alderdikideei (negoziazioak martxan zeudenean) Pablo Iglesias buru duen alderdiarekin batera aurkezteko aukeraren alde zeuden ala ez: "Podemosekin eta beste alderdi batzuekin ekainaren 26ko hauteskundeetarako koalizioa egitearen alde al zaude?" galdera egin zieten 70.000 militante eta jarraitzaileri.
Azkenean, 'baietz'a gailendu zen 20.067 botorekin (% 84,4), eta % 13,1ek ezezko botoa eman zuten.