Itxi

San Antonio auzia

Alonso eta Maroto kalte publikoa eragiteagatik zigortu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kontratu bat merkatuko prezioan baino askoz ere garestiago sinatzea leporatu die Espainiako Kontuen Auzitegiak. PPk iragarri du helegitea jarriko duea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Estatuko Kontu-auzitegiak Alfonso Alonso jarduneko Osasun ministroa eta Javier Maroto PP alderdiko Sektore Ekintzako idazkariordea erruduntzat jo ditu Gasteizeko Udala zuzentzen zuten aldian diru-kutxa publikoari 393.000 euroko kaltea eragiteagatik; izan ere, enpresaburu batekin kontratu bat sinatu zuten merkatukoa baino askoz prezio altuagoan.

Bi agintariak kasuan duten "kontabilitate-erantzukizuna" dela-eta kondenatu dituzte, 2007. urtean Gasteizko Udal Gobernua osatzen zuten gainerakoekin batera kontratu publiko bat sinatu baitzuten Gonzalo Anton enpresaburuarekin bulego batzuk alokatzeko.

Alonso alkate eta Maroto Ogasuneko zinegotzi zirenean Udal Gobernuak sinatu zuen kontratuak 7,6 milioi euro ordaintzera behartzen zuen Udala lokal bat 20 urtez erabili ahal izateko alokairuagatik. Antonek 2,7 milioi euroren truke erosi zuen eraikin hori urtebete lehenago.

Udalak bere garaian egin zuen Ikerketa Batzordeak argitu zuenez, 12.500 euro (gehi BEZa) ordaindu behar zuen Udalak hilero alokairu horren truke, nahiz eta Udaleko teknikariek 10.000 euro baino gutxiago izan beharko zukeela esan.

Halaber, organo beraren arabera, kontratuak Udalaren kontuetarako kaltegarriak izan zitezkeen hainbat baldintza jasotzen zituen. Horietako baten arabera, Udalak 20 urte horiek pasatu aurretik kontratua bertan behera utziz gero, epea bukatu arte ordaintzeko falta zen kopurua ordaindu behar zuen.

Hori dela eta, bi agintariek egin beharko diote aurre ordainketa horri, 2003 eta 2007. urteen bitartean Gasteizko Udal Gobernua osatu zuten kideekin batera.

Helegitea

PPk iragarri du helegitea sartuko duela Estatuko Kontu Auzitegiaren ebazpenaren aurka, "kontu ardura ez dela egiaztatuta geratu" iritzita.

PPk prentsa-ohar batean gogora ekarri duenez, "ez gara zigor alorraz ari, eta ez dago ustelkeria deliturik, beraz, ez dago zigor ardurarik". "Kontu Auzitegiaren jurisdikzioa administrazioan amaitzen da, ez da judiziala, eta ebazpenak sinatzen dituena administrazioko kontu kontseilaria da, ez da epailea, eta kasu honetan, PSOEk zuzenean izendatua, IUk proposatu ostean", azpimarratu du.

Gainera, Arabako Fiskaltzak 2015ean, "deliturik ez zegoelako", auzia artxibatu egin zuela ere gogorarazi du.

Erreakzioak

Gorka Urtaran hiriko alkateak (EAJ) uste du "oso larria" dela egiaztatutakoa, eta ohartarazi duenez, "zoritxarrez, Gasteizko eta Arabako PP ez dira Valentziako edo Madrilgo bertsio okerrenengandik desberdinak".

Bestalde, EH Bilduren udal taldeak Javier Maroto PPren udal bozeramailearen dimisioa eta jardun politikotik ateratzea eskatu du.

Pello Lopez de Munain PSE-EEren bozeramaileak esan du zigorrak agerian uzten duela "besteen" mesedetan diru publikoa "xahutu" zutela.

Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusiak, berriz, hauteskunde orokorretan aurkezteko "gaitasungabetuta" geratu direla iritzi dio, "erakundeetatik urrun" egon "beharra" dutelako.

Bideoak (1)