Hauteskunde orokorrak Euskadin
Unidos Podemos bozetan gailendu eta EAJren pare legoke eserlekuetan
eitb.eus
Espainiako hauteskundeei buruzko EiTB Focus inkestaren bigarren alea. Horren arabera, EAJk eta Podemosek 6na diputatu lortuko lituzkete Euskadin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Unidos Podemos koalizio eratu berriak (Podemos eta Ezker Batua alderdien artean adostutako itunetik sortutakoak) lortuko lituzke boto gehien EAEn ekainaren 26an egingo diren Espainiako hauteskunde orokorrei begira, 'EiTB Focus' makroinkestaren arabera.
Unidos Podemosek eta Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) lehia estua izango lukete; izan ere, biek eskuratuko lituzkete 6 eserleku; dena dela, koalizio ezkertiarrak % 3,4ko boto-aldea bereganatuko luke bere alde EAE osoan.
Bizkaian, EAJk lortuko luke garaipena, eta Unidos Podemos, berriz, Gipuzkoan eta Araban gailenduko litzateke, azken lurralde horretan alde handiaz, gainera. Hor lortuko luke seigarren eserlekua.
Lehendabiziko aldia da Unidos Podemos koalizioak lortuko lituzkeen emaitzak zein izango liratekeen islatzen direna; izan ere, inkesta maiatzaren 11n eta 12an egin zen.
Hauteskunde orokorrak 2016, Euskadin
EiTB Focus inkestaren arabera, Unidos Podemosek botoen % 28,8 jasoko lituzke EAEn; horrela, abenduko hauteskundeetan bi alderdiak batera aurkeztu izan balira, eskuratu izango zuketen antzeko ehunekoa (% 29,2) lortuko lukete.
EAJk, bere aldetik, botoen % 25,4 bereganatuko lituzke, duela lau hilabete baino 0,5 puntu gehiago. EH Bildu hirugarren izango litzateke, boto-emaileen % 15,5ek (+ % 0,3) egingo bailuke koalizio abertzalearen alde. Ondoren, PSE-EE (% 13,1) legoke; apur bat egingo luke bera, eta eserleku bat gal lezake. Jarraian, PPk botoen % 10,5 eskuratuko luke, puntu bat baino gehiagoko jaitsiera izanik (- % 1,2) eta, azkena, Ciudadanos litzateke (% 4,5), igoera txiki bat lortuta.
Boto asmoa, Euskadin
Eserlekuak kontuan hartuta, Unidos Podemosek eta EAJk 6 diputatu izango lituzkete; PSE-EEk, 2; eta EH Bilduk eta PPk, 2na.
Eserlekuen estimazioa, Euskadin
Lurraldeka, Araban oso argia izango litzateke Unidos Podemosen garaipena, eta, inkestaren arabera, PSE-EEri kenduko lioke abenduan lortutako diputatu bakarra. EAJk eta PPk eserleku bana jasoko lukete, duela lau hilabete bezala, eta EH Bildu esku hutsik geratuko litzateke berriz.
Eserlekuen estimazioa, Araban
Boto asmoa, Araban
Bizkaian, EAJk argi irabaziko luke, eta 3 diputatu bereganatuko lituzke. Unidos Podemosek 2 izango lituzke, eta EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, bana.
Eserlekuen estimazioa, Bizkaian
Boto asmoa, Bizkaian
Gipuzkoan, emaitzak aurrekoaren antzekoak izango lirateke. Horrenbestez, Unidos Podemosek irabaziko luke, baina eserlekutan berdindu egingo luke EAJrekin. Bina diputatu jasoko lukete. EH Bilduk eta PSE-EEk bana izango lukete.
Eserlekuen estimazioa, Giouzkoan
Boto asmoa, Gipuzkoan
Abenduko alderdi berberaren alde bozkatuko zenuke?
Abenduko hauteskunde orokorretan emandako botoa errepikatu egingo luketen galdetuta, inkestatuek hauxe erantzun dute:
Nor nahi duzu izatea Espainiako hurrengo presidentea?
Hauteskundeetatik aterako den presidentea nor nahi duten izatea galdetuta, % 60k ez du inolako lehentasunik agertzen.
Hauteskude Orokorrak errepikatzeari buruz duten iritzia
Euskadin, herritarrek begi txarrez ikusten dute hauteskundeak berriz ere egin behar izatea.
Hauteskunde Orokorrak errepikatzearen arduradun nagusia
Inkestan parte hartu dutenen iritziaren arabera, hauteskundeak berriro egotearen erantzule nagusia Pedro Sanchez da.
Lider politikoen jokabidearen balorazioa
Espainiako politikariek ez dute balorazio onik jasotzen Euskadin. Inork ez du gainditzen "irakasgai" hori.
Noren kalterako da eta noren alderako hauteskunde orokorrak berriro egin behar izatea?
PSOE litzateke alderdirik kaltetuena hauteskunde berrietan Euskadiko herritarren % 39,4aren iritziz; bien bitartean, % 38,5ek uste du PPri onura egingo diola.
Itxurak egiten ibili dira ala lan serioa egin nahi izan dute?
10etik 9k uste du itxura egiten ibili direla abenduko hauteskundeen ostean gobernua osatzeko ardura izan duten lau alderdiak.
Euskal agendaren kezkaz ibili al dira espainiar liderrak?
Inkestatuen % 74,5aren aburuz, lau alderdiek oso baztertuta izan dute euskal agenda akordioetara iristeko garaian.
Fitxa teknikoa
Inkesta EAEn egin da, 1.200 pertsona galdekatuta (400na lurralde bakoitzeko), % 95eko konfiantza mailarekin.
Eremu ikerketari dagokionez, 2016ko maiatzaren 11 eta 112 egunen artean egindako lana izan da, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Gizaker konpainiak egin du inkesta, EiTBren albistegientzat, eta hurrengo hilabeteetan datu gehiago ematen jarraituko du. Ikerketak bi zati izango ditu: lehenengoa egonkorra izango da (boto asmoa gehienbat) eta beste bat tematikoa (aldakorra izango da inkesta bakoitzean). Lehenengo tematikoa Hezkuntzari buruzkoa izan zen. Hurrengoa larunbat honetan argitaratuko da, eta ekonomia izango du hizpide.