Itxi

KATALUNIA

Homsen aurkako auzia zabaldu du Auzitegi Gorenak, A9ko galdeketagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Independentziari buruzko kontsulta dela-eta zabaldutako auzitik kontseilari ohiari dagokion atala hartuko du bere gain Gorenak. Gainerako zatiak Kataluniako Auzitegiaren esku jarraituko du.

Francesc Homs. EFE.

Frances Homs Generalitateko Presidentetza kontseilari ohiaren kontrako auzia zabaldu du Auzitegi gorenak, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta independentistaren harira. Egun, DiL Democracia i Llibertat taldeko bozeramailea da Kongresuan.

Galdeketaren harira zabaldutako auzitik Homsi dagokion atala bakarrik hartuko du bere gain Gorenak. Gainerako zatiak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren esku jarraituko du.

Andres Palomo epailea izango da auziaren instruktorea, Auzitegi Goreneko bigarren salak hala erabakita. Asteon, Kataluniako Auzitegiaren aurrean deklaratu du Homsek.

Azaroaren 9ko antolaketan Homesek eta Artur Mas Kataluniako presidente ohiak egindakoak ezin zirela elkarrengandik bereizi iritzita, eta Homs foruduna dela kontuan izanda, Kataluniako Auzitegian kasuaren ardura duen epaileak Gorenara igorri zuen kausa, bertan aztertzeko.

Jasotako dokumentazioa aletu eta aztertu ondoren, bigarren salak auzia berriro Kataluniako Auzitegiari itzultzea erabaki zuen, Homsi dagokion atala salbu.

Fiskalen arabera, galdeketa independentista antolatzeko, enpresa bati igorritako txostena izan da Homs auzipetzeko giltzarria.

Txostenan, enpresa horrek kontsulta antolatzeko egindako gestioek ez zutela Auzitegi Gorenak ezarritako debekua urratzen ziurtatzen zuen Homsek, fiskalen arabera.

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)