Itxi

Auzitegi Gorena

Homs: 'Estelada hartuta joango naiz Gorenera deklaratzera'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Generalitateko kontseilari ohiaren hitzetan, Auzitegi Gorenaren erabakiak independentziarako bidea azkartuko du. 'Bide horretatik, askok nahi baino lehenago amaituko dugu prozesua', esan du.

Francesc Homs. EFE.

Francesc Homs (CDC) DiL taldeak Kongresuan duen bozeramaileak gogor kritikatu du Auzitegi Gorenak, A9ko kontsulta independentista dela-eta, bere kontrako auzia zabaltzeko hartutako erabakia. "Eskuetan 'estelada' hartuta joango naiz deklaratzera Auzitegi Gorenera", esan du.

Rac1 irrati-kateari egindako adierazpenetan, Espainiako demokraziaren historian "lehen aldiz" epaiketa politikoa egingo dela nabarmendu du. Erabaki horrek edota Errege Kopako finalean 'estelada'-k debekatzeak Espainiako demokraziaren "kalitate eskasa" agerian uzten dutela esan du.

Generalitateko kontseilari ohiaren hitzetan, Auzitegi Gorenaren erabakiak independentziarako bidea azkartuko du. "Bide horretatik, askok nahi baino lehenago amaituko dugu prozesua. Hautesontziak jartze hutsagatik pertsona bat kartzelara eraman nahi izatea ez dago munduaren aurrean azaltzerik", esan du.

Aurreratu duenez, epaiketa ekiditeko ez du akordiorik onartuko: "Duintasun kontua da: gai honen inguruan, akordiorik ez. Badakit zertan ari naizen", zehaztu du.

"Ez dut kartzelara joateko beldurrik. Kausa guztiz politikoa da, eta bertan nagoenez, ez dut inolako arazorik. Alderantziz, azken muturreraino joango naiz", gaineratu du.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)