Maiatzeko datuak
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, 2012ko eserleku berberekin
eitb.eus
EiTB Focus inkestaren arabera, EH Bildu izango litzateke bigarren, Unidos Podemosi eserleku bateko aldea aterata.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk irabaziko lituzke udazkenean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EH Bildu izango litzateke bigarren, Unidos Podemos koalizioaren gainetik, maiatzeko EiTB Focus makroinkestaren arabera.
Hain zuzen ere, EAJk 27 legebiltzarkide lortuko lituzke (duela lau urte eskuratutako berberak); EH Bilduk, 16 (5 gutxiago); Unidos Podemosek, 15; PSE-EEk, 9 (-7); PPk, 7 (-3); eta Ciudadanosek, bat.
Podemos eta Ezker Anitza koalizioan aurkeztuko direla hipotesitzat hartuta eginda dago ikerketa. Apirilean EiTB Focusen lehen alea publikatu zenean, bi alderdiak banan-banan aztertu ziren.
Maiatzeko aurreikuspenen arabera, EAJk botoen % 35,5 jasoko lituzke, hau da, duela lau urte baino 0,9 puntu gehiago, eta apirilean baino 0,2 gehiago. Hori horrela, alderdi jeltzaleak eutsi egingo lieke egun Legebiltzarrean dituen 27 eserlekuei.
Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke, bozen % 20,2 bereganatuta (2012an baino 4,8 puntu gutxiago, baina duela hilabete baino 1,2 gehiago). Apirileko inkestak berdinketa teknikoa aurreikusi zuen koalizio abertzalearen eta Podemosen artean (0,1 puntuko aldea zuen alderdi moreak), baina, orain, EH Bilduk hartu du aurrea, 0,8 puntuko aldearekin. Horren ondorioz, independentistek 16 legebiltzarkide izango lituzkete, une honetan dituztenak baino bost gutxiago, baina apirileko aurreikuspenean baino bat gehiago.
Bere aldetik, Unidos Podemos hirugarren indar gisa sartuko litzateke Gasteizko Ganberan, 15 ordezkarirekin. Hori bai, koalizioaren aldeko boto kopurua txikiagoa izango litzateke joan den hilabetean Podemosek eta Ezker Anitzak bananduta zituzten bozekin konparatuta. Horren haritik, Unidos Podemosek botoen % 19,4 jasoko lituzke, eta apirilean aurreikuspena % 21,5ekoa zen (% 19,1 Podemosek, eta % 2,4 Ezker Anitzak).
Laugarren PSE-EE izango litzateke. Sozialistek 9 parlamentari izango lituzkete, hots, duela lau urte baino zazpi gutxiago. Botoak kontuan hartuta, % 11 jasoko lituzkete, hots, Idoia Mendia buru duen alderdiak 8,1 puntu galduko lituzke duela lau urtetik hona, eta 1,1 azken hilabetean.
Bozen % 9,2 PPrentzat izango lirateke. Kopurua azken hauteskunde autonomikoena baino 2,6 puntu txikiagoa izango litzateke, baina 0,4 egingo luke gora apiriletik. Zazpi eserleku izango lituzkete popularek, egun baino hiru gutxiago.
Ciudadanosek ordezkari batekin egingo luke Legebiltzarrean barrena, apirileko inkestak ere aurreikusi bezala. Boto-asmoa, hori bai, handiagoa izango luke, 0,7 puntu hazi baita hilabetean, % 3ra arte.
UPyDk galdu egingo luke egun duen legebiltzarkidea, eta Ganberatik at geratuko litzateke, botoen % 0,2 jasota.
Emaitzak lurraldez lurralde
Araban, EAJ izango litzateke alderdi bozkatuena. Hain justu, botoen % 25,2 eta 7 eserleku eskuratuko lituzke.
Ondoren, hurrengoak egongo lirateke: Unidos Podemos (botoen % 22,4 eta 6 eserleku), EH Bildu (botoen % 17,3 eta 4 legebiltzarkide), PP (bozen % 15,5 eta 4 ordezkari), PSE-EE (botoen % 12,4 eta 3 diputatu) eta Ciudadanos (botoen % 4,6 eta eserleku bat).
Bizkaian, EAJk aise irabaziko luke, botoen % 39,2 eta 11 diputatu jasoko bailituzke, eta bigarrenak, Unidos Podemosek, aldiz, botoen % 19,9 eta 5 eserleku.
Horien ostean, EH Bilduk botoen % 16,6 eta 4 ordezkari izango lituzke; PSE-EEk, botoen % 10,9 eta 3 diputatu; eta PPk, botoen % 9 eta 2 ordezkari.
Azkenik, Gipuzkoan, EAJ izango litzateke lehen indarra (botoen % 34 eta 9 eserleku). Jarraian, honakoak: EH Bildu (botoen % 27,4 eta 8 legebiltzarkide), Unidos Podemos (bozen % 17,3 eta 4 ordezkari), PSE-EE (botoen % 12 eta 3 parlamentari) eta PP (botoen % 6,6 eta eserleku bat).
Hautagaien balorazioa
Maiatzeko EiTB Focus inkestaren arabera, EAEko alderdietako hautagaien balorazioek gora egin dute oro har apiriletik.
Gainditu duen bakarra Iñigo Urkullu (EAJ) da, 5,88 puntuko nota eman baitiote herritarrek. Jarraian honakoak daude: Arnaldo Otegi (EH Bildu), 4,72 punturekin; Idoia Mendia (PSE-EE), 4,06 punturekin; Alfonso Alonso (PP), 2,31 punturekin; eta Gorka Maneiro (UPyD), 1,94 punturekin. Unidos Podemosek ez du oraindik hautatu bere lehendakarigaia.
Lehendakari izateko faboritoa
Lehendakari kargurako nor nahiago duten ere galdetu dute inkestan, eta % 35,5ek Iñigo Urkullu hautatu dute. Beste % 17,2 Arnaldo Otegiren alde agertu dira, % 2,5ek Idoia Mendia aukeratu dute, eta % 2,1ek Podemosen hautagaia, nornahi izan.
Hori bai, % 41,8k ez du inoren alde egin.
Hauteskundeen data
Bestalde, Legebiltzarrerako hauteskundeen datari dagokionez, inkesta egin dieten pertsonen % 45,5ek "ondo" ikusten dute lehendakariak legegintzaldia agortzea eta hauteskundeak udazkenean egitea.
Aitzitik, % 17,8k "gaizki" deritzote, EAEko hauteskundeak eta Espainiakoak egun berean egitea nahiago baitute.
% 23,9ri "berdin zaie", eta % 12,8k ez dute erantzun.
Fitxa teknikoa
Inkesta EAEn egin da, 1.200 pertsona galdekatuta (400na lurralde bakoitzeko), % 95eko konfiantza mailarekin.
Eremu ikerketari dagokionez, 2016ko maiatzaren 11ren eta 12aren artean egindako lana izan da, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Gizaker konpainiak egin du inkesta, EiTBren albistegientzat, eta hurrengo hilabeteetan datu gehiago ematen jarraituko du. Ikerketak bi zati izango ditu: lehenengoa egonkorra izango da (boto asmoa gehienbat) eta beste bat tematikoa (aldakorra izango da inkesta bakoitzean). Lehenengo tematikoa Hezkuntzari buruzkoa izan zen. Hurrengoa larunbat honetan argitaratuko da, eta ekonomia izango du hizpide.