Itxi

Hauteskunde Batzordea

Europa Jauregia inauguratzeagatik PPk jarritako salaketa, artxibatuta

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Alderdiak jauregiaren eraberritzearen ondoren egindako inaugurazio ekitaldia salatu zuen, Hauteskunde Legeak lanak eta zerbitzu publikoak inauguratzea debekatzen duelako, hauteskundeak deitu ostean.

PPk ohartarazi egin du helegitea aurkeztuko dutela. Argazkia: <a href='http://www.vitoria-gasteiz.org' target='_blank' title='vitoria-gasteiz.org'>vitoria-gasteiz.org</a>

Arabako Probintziako Hauteskunde Batzordeak artxibatu egin du PPk maiatzaren 4an aurkeztutako salaketa, Gasteizko Europa Jauregiaren inaugurazioa dela eta. Alderdiak iragarri egin du dagoeneko helegitea aurkeztuko dutela.

Alderdiak jauregiaren eraberritzearen ondoren egindako inaugurazio ekitaldia salatu zuen, Hauteskunde Legeak lanak eta zerbitzu publikoak inauguratzea debekatzen duelako, hauteskundeak deitzen direnetik bozketaren egunera arte.

Felipe VI.ak ekitaldiaren bezperan ekainaren 26ko hauteskundeen deialdirako dekretua sinatu zuenez, PPk ulertu zuen inaugurazioak -Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izan zen- Hauteskunde Legea urratu zuela, hori dela eta, galarazi zezaten eskatu zuen, baina ez zuten halakorik egiten Hauteskunde Batzordeak epe bat zabaldu zuelako, Gasteizko Udalak (EAJ) alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Azkenik, Arabako Probintziako Hauteskunde Batzordeak (Hauteskunde Batzorde Zentralak hara bidali zuen salaketa) erabaki du ez zigortzea Europa Jauregiaren inaugurazioa, Udalak aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta.

Ebazpenean, Batzordeak onartu egin du -PPk argudiatzen zuen bezalaxe- lanak eta zerbitzu publikoak inauguratzea debekatuta dagoela, hauteskundeak deitzen direnetik, egiten diren arte, baina uste du Europa Jauregiren inaugurazio ekitaldia "askoz lehenago programatu zuten".

Halaber, Batzordeak nabarmendu egin du ia aldi berean egin zela inaugurazioa, eta Gorteen desegitea eta hauteskundeen deialdia, eta gainera ez zela jakina hala izango zenik.

Batzordearen esanetan, gainera, inaugurazioa atzeratzeak "kalte argiak eragingo zituen" eta Europa Jauregiaren eraberritzea "ez da bakarrik egungo agintariekin lotzen, aurrekoekin ere, esaterako, Javier Maroto alkate ohiarekin", PPkoa.

Erabakia ezagutu eta gero, PPk iragarri du helegitea aurkeztuko dutela Hauteskunde Batzorde Zentralean, Probintzialak "onartu" egin duelako "EAJk antolatutako hauteskunde jaiak" legea urratu zuela, inaugurazioa izanda, hauteskundeak deituta baitzeuden, ekainaren 26rako.

 

Albisteak (1)