Ezker abertzalea
Arraiz ez da Sorturen presidentegai izango alderdiaren kongresuan
agentziak | erredakzioa
Ez du karguan jarraitzeko hautagaitza aurkeztuko “aurpegi berriei eta belaunaldi berriei” bidea emateko.
Hasier Arraiz Sorturen presidentea ez da alderdia zuzentzen jarraitzeko hautagai izango uztailaren 2tik aurrera egingo den kongresuan, EH Bilduko iturriek jakitera eman dutenez.
Arraiz koalizio abertzalearen bozeramaile ere bada Legebiltzarrean, baina kargu hori ere utzi egin beharko du, EAEko Auzitegi Nagusiaren zigorrak behartuta, ETAko kide izateagatik kargu publikorako gaitasungabetu baitzuen.
Ebazpenak ez du Arraiz espetxeratzea agintzen, baina bai legebiltzarkide kargua uztea, eta horregatik bere azken saioan parte hartu zuen aurreko ostegunean.
Sorturen presidenteak ez du karguan jarraitzeko ahaleginik egingo, beraz, Abian prozesua itxi ostean egingo den kongresuan. Ezker abertzalearen etorkizuneko estrategia finkatuko duen prozesu horren ostean "aurpegi berriei eta belaunaldi berriei" bidea eman nahi diela azaldu du buruzagi abertzaleak Info7Irratian.
Pernando Barrena eta Amaia Izko Sorturen bozeramaileek otsailean iragarri zuten kongresua egingo zela, 2013ko sorkuntzatik egingo den lehenengoa, baina ez zuten datarik jakinarazi.
Estatutuen arabera, kongresuak lau urtean behin egin behar dira, baina Sortuk aurreratzea erabaki zuen, Abian prozesuaren amaiera une egokia zela iritzita.
Kongresu horretan Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiak parte hartuko duela aurreikusten da, alderdiaren bozeramaileek bere papera zein izango den zehaztu ez bazuten ere.
ez bazuten ere.ez bazuten ere.