Kereila argentinarra
Frankismoaren kereila oztopatzea egotzi dio Legebiltzarrak Madrili
agentziak | erredakzioa
Maria Servini epaileak zuzentzen duen frankismoko krimenen kontrako kereila argentinarrean 19 pertsona daude auzipetuta, Martin Villa ministro ohia tartean, martxoaren 3ko biktimengatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuaren oztopoak salatu ditu frankismoko krimenak ikertzeko Argentina abian jarritako kereilaren harira, eta giza eskubideen nazioarteko arauak errespetatzeko eskatu dio.
EAJ, EH Bildu eta PSE-EE izan dira ekimenaren sustatzaileak eta alde bozkatu dute, UPyD abstenitu egin da, eta PPk kontra bozkatu du, Espainiako Gobernuak 1976ko Amnistia Legean oinarrituta jokatzen duela iritzita.
Maria Servini epaileak zuzentzen duen frankismoko krimenen kontrako kereila argentinarrean 19 pertsona daude auzipetuta, Martin Villa ministro ohia tartean, martxoaren 3an Gasteizen Poliziak hil zituen bost lagunengatik.
Onartutako testuan, Legebiltzarrak Espainiako Gobernuaren "oztopoak eta atzerapenak" salatu ditu, ez diolako jaramonik egin Servinik 2014an auzipetuak atxilotzeko emandako agindua bete, eta ez dituelako auzipetuak deklaratzera behartu.
Era berean, Legebiltzarrak elkartasuna adierazi die kolpe militar eta diktadura frankistaren biktimei, eta Espainiako Gobernuari giza eskubideen nazioarteko arauak errespetatzeko deia egin dio, horietan oinarrituta egin baitu kereila Servinik.
Iñigo Iturratek (EAJ) kritikatu du Estatuak 1976ko Amnistia Legera jotzen duela diktadurako biktimen konponketa ez jorratzeko, eta ohartarazi du "egia ezkutatzea" ez dela egokia, "ongi amaitzen ez diren doluak atera egiten baitira".
EH Bildutik, Julen Arzuagak kritikatu du "Estatua puntu eta amaierako lege baten atzean ezkutatzen" dela, "gizateriaren kontrako krimenen" ikerketa galarazteko.
Mikel Unzalu PSE-EEko kideak nazioarteko legediak Espainiakoa gainditzen duela defendatu du eta, beraz, Espainiako Gobernuak Argentinako epailearekin kolaboratu beharko lukeela.
Carmelo Barrio PPkoak azpimarratu du Espainiako Gobernuak Amnistia Legea errespetatzen jokatzen duela; horregatik, "legea betetzeagatik" Gobernua salatzen duen ekimenaren kontra agertu da.
Azkenik, Gorka Maneirok (UPyD) frankismoa gaitzetsi du, baina "interes alderdikoiengatik ezinikusiak elikatzen" dituztenak kritikatu ditu.