Itxi

hauteskunde autonomikoak

Otegi:'Jendea da' lehendakaria nor den 'erabakiko duen epaile bakarra'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean adierazi duenez, "erronka handia, erantzukizun handia eta poztasun handia da" lehendakarigai izatea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak eta EH Bilduko alderdiaren lehendakarigaiak ostiral honetan baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagai izatea "erronka handia, erantzukizun handia eta poztasun handia da", eta ziurtatu du jendea dela hurrengo hauteskunde autonomikoetan "erabakiko duen epaile bakarra".

EH Bilduko oinarriek aste honetan bertan berretsi dute Otegi lehendakarigai gisa, baina kargu publikoan ez aritzeko zigor bat dauka bere gain 2021eko otsailaren 28ra arte. Ezker abertzaleak uste du epaian akats bat dagoela, eta horrek hautagai izatea ahalbidetzen duela. Dena den, Hauteskunde Batzordeak erabakiko du auzia, eta hark egin ezean Auzitegi Konstituzionalak.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, EH Bilduko hautagaiak adierazi du hauteskunde orokorrak udazkenean egingo diren hauteskunde autonomikoen "lehen itzulia" izango direla.

Estrategia aldaketa

Bestalde, Otegi sinetsita dago "ezker abertzaleak ez balu hartu" bide baketsuen eta demokratikoen aldeko hautua "ETAren borroka armatuak jarraitu" egingo lukeela, "nahiz eta askok eta askok dioten hori horrela ez izatea Poliziari eta Guardia Zibilari esker gertatu zela".

"Ni ez nabil txaloen bila egindako ariketarengatik, ezta aintzatespenaren edota gure izenean plazak jartzearen bila ere; alabaina, esan nahi dudana da ezker abertzaleari aitortu beharko litzaiokeela, gutxienez, bere estrategia aldatzeko eta beste bat jartzeko gai izan dela, eta estrategiak horri esker, besteak beste, ETAren borroka armatua euskal jarduera politikotik desagertzea lortu dela", baieztatu du.

"Ezker abertzalea iraganean ainguratzeko interesa" dagoela aipatu ostean, gogoratu du gaur egun, "duela bost, sei, zazpi urtetik eta, ziur asko, batzuek aurretik ere" defendatzen duten jokabidea dela "bakarrik jarrera demokratiko eta baketsuetatik eraiki daitekeela herrialde honentzako aukera hobea".

Horren aurrean, esan du euskaldunek urteak eman ditzaketela "iraganari buruz hitz egiten eta batak besteari gaitzespenak aurpegiratzen" edota emankorragoa den gauza bat egin dezaketela "guztiek akatsak egin dituztela aitortu eta etorkizunari begira lan egin".

"Aldaketa demokratikoa" Madrilen

Otegik ziurtatu duenez, EH Bilduk Madrileko "aldaketa demokratikoa" lagunduko du; bere aburuz, aldaketa hori emateko beharrezkoa da, batetik, Estatua plurinazionala dela onartzea, "erabakitzeko askatasuna duten nazioz osatutakoa", eta, bestetik, gizarte politika aurrerakoiak martxan jartzea.

Aitzitik, bere ustez, ezin izango da gauzatu agertoki hori, 2aldaketa planteatzen duten indarrek ez dutelako behar adina batzen" eta, gainera, "PP, PSOE eta Ciudadanosek ez dutelako utziko". Aldiz, bideragarri ikusten du egoera hori Euskadin eta Katalunian; horrenbestez, Podemos eta Ezker Batuari eskatu dio "bidezko elkarrekikotasuna" dela medio, posible egin dezatela erkidego bi horietan.

Kritikatu egin du "EAJk, eta baita Podemosek ere", oraindik sinestarazi egin nahi dutela "Estatuarekin hitzarmen bat adostuta eman daitezkeela estatus juridiko berri baterako urratsak, baina ez da posible"; horren aurrean, Otegik 2independentziarako bidea beste era batez ekitea" defendatu du.

Sortuko sektore kritikoak

Sortutik kanpo atera den Askatasunaren Bidean taldeari buruz galdetu diotenean, "banandu nahi duten jokabideek" ez dutela "zentzu handirik" iritzi dio.

Aldi berean, ziurtatu du "batasuna banaketa baino hobea" dela, eta "denborarekin orbita horretan egon daitezkeen sektoreak, gutxieneko bat izan arren, ezker abertzalera" itzuliko direla.

Albisteak (5)

Bideoak (1)