ERAKUNDE BERRIA
Herri elkargoa abian jartzearen alde agertu da Ipar Euskal Herria
EITB.EUS
111 udalerrik elkargoaren alde egin dute, eta 47k aurka. Dena dela, aurkako jarrera duten hainbat auzapezek eta zinegotzik helegitea aurkeztu dute, eta ikusteko dago zer gertatuko den.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ipar Euskal Herriari, lehen aldiz, aitortza instituzionala emango dion herri elkargo berria gero eta gertuago dago; 111 udalerrik egin dute herri elkargoaren alde, eta 47k, aurka.
Azken orduotan, Martxueta, Arboti, Ilharre eta Gixune herrietan egindako bozketen emaitzak ezagutu dira, eta lauretan elkargoaren aurka egin dute.
Elkargoa sortzeko beharrezkoa zen bigarren baldintza (herritarren erdien babesa lortzea) ere bete da: 196.741 herritarrek eman dute aldeko botoa, eta 110.646k, kontrakoa.
Herriko Etxeek iritzia plazaratu ondoren, Departamenduko Batzordea berriz bilduko da prefetak proposatu duen egitura aztertzeko, aldeko jarrera nagusitu dela kontuan hartuz.
Hala ere, argitzeko dago zer gertatuko den 60 zinegotzik eta auzapezek elkargoaren aurka jarritako helegitearekin. Besteak beste, Armendaritze, Lüküze eta Donapaleu udalerrietako auzapezek eta Baionako bi zinegotzik aurkeztu dute helegitea Barne Ministerioan. Idatzian, besteak beste, "elkargo bakarraren perimetroa zalantzan" jarri dute, eta erakunde berriak ekarriko dituen "desorekak" azpimarratu dituzte.
Helegiteak aurrera egin ezean, 2017ko urtarrilean abian izango da Ipar Euskal Herriko egitura instituzional berria. Aurretik, uda ostean, zehaztuko dituzte erakunde berriak kudeatuko dituen eskumenak; besteak beste, lurralde antolamenduari, garapen ekonomikoari eta hizkuntza politikari lotutako zenbait atal egongo dira horren esku. Zerga-sistemari dagokionez, hainbat zerga kudeatzeko ardura ere izango du.
100 milioi euroko aurrekontua izango du herri elkargoak, eta Baionan egongo da horren egoitza nagusia.