Itxi

Auzitegi Nazionala

Guardia Zibilak uste du Portuk deitu zuela atentatuaz ohartarazteko

Erredakzioa

Dei horretan, ETAk ondokoa esaten zuen: "Barajaseko aireportuaren 4. terminaleko D parkingean potentzia handiko bonba-furgoneta bat dago. Indargabetzeko edozein ahalegin oso arriskutsua izan daiteke".

ETAk lau dei egin zituen Barajaseko aireportuan bonba-furgoneta jarri zuela ohartarazteko. Dei horiek aztertu dituzten Guardia Zibilaren adituek %98ko segurtasuna dute abisua eman zuena Igor Portu izan zela esateko.

Hala adierazi dute lau perituek Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian ETAko ustezko kideen aurkako epaiketan. 2006ko abenduan egindako atentatuan Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate hil ziren.

07:53an, sakelako telefono baten bidez, DYAra; bigarrena, hiru minutu geroago, Madrilgo Suhiltzaileei; eta hirugarrena, 08:35ean, telefono-kabina batetik, Donostiako SOS Deiak Larrialdi Zerbitzura.


Lehendabiziko abisua, hitzez hitz:

- DYAko langilea: "Nor da?"
- ETAko ustezko kidea: "Kaixo, egun on, arretaz entzun, mesedez".
- "Bai".
- "ETAren izenean deitzen dizut, Madrilgo Barajas aireportuaren 4. terminaleko D parkingean potentzia handiko bonba-furgoneta bat jarrita dagoela ohartarazteko".
- "Eh..."
- "Berriro esango dut: Madrilgo Barajas aireportuaren 4. terminaleko D parkingean dago. Furgoneta Renault Traffic markakoa da, granate koloreduna, 6054-DKY da matrikula zenbakia. 09:00etan egingo du eztanda, ordubete barru. Azpimarratu behar dugu potentzia handiko furgoneta-bonba dela eta berau indargabetzeko edozein saiakera oso arriskutsua eta arduragabekeria larria izango litzateke, ados?".
- "Bai, ados".

Guardia Zibilaren perituek dei horietako ahotsa ETAren Elurra taldearen ustezko kideen ahotsekin alderatu zuten. Ikerketaren emaitzak dio %98ko probalitatea dagoela egilea Igor Portu izan zela baieztatzeko.

07:52 eta 07:59 orduen artean Gara egunkarira beste zenbait dei egin ziren, baina ez ziren erregistratu.


1.120 urtera igo dute kartzela-zigor eskaera

Horrez gain, hasiera batean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 900 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen hiru inputatuentzat, baina gaurko saioan zigorra 1.120 urtekoa izatea galdegin du, atentatuan zauritu ziren lagunen kopurua 41 barik, 52 izan zirelako.

Hala iragarri du Daniel Campos fiskalak. Era berean, Igor Portuk, Mattin Sarasolak eta Mikel San Sebastianek Carlos Alonso Paleteren eta Diego Armando Estacioren senideei 500.000 euroko kalte-ordaina emateko eskaera egingo du.

Auzi honetako parte diren akusazio partikularretako hiruk Estatuari erantzukizun zibila leporatzea eskatu dute, "segurtasun mekanismoek huts egin zutelako" eta, ondorioz, ETAko hiru ustezko kideak hainbat aldiz sartu ahal izan zirelako aireportuan. Ministerio Fiskalak eta Auzitegiko tribunalak atzera bota dute eskaera hori, prozesu judizialaren zati honetan "garaiz kanpokoa delako".

Fiskalak bihar ezagutaraziko du bere behin betiko txostena, baina aurreratu duenez, bi hilketa terrorista, 52 hilketa saiakera eta hondamen terroristak eragitea egotziko die hiru auzipetuei Barajaseko atentatuaren harira.


Polemika epailearekin

Bestalde, Alfonso Guevara Auzitegiko presidenteak atzo egin zituen adierazpen batzuek eragindako polemikaren inguruan hitz egin du. Atentatuan hildako gazteetako baten amarenganako "sentiberatasun eza" leporatu zioten akusazio partikularraren abokatuek Guevarari.

Epaileak ondokoa erantzun du: "Kritikatu egin behar badut, nire obligazioa kritikatzea da, eta kritika hori salan egiten dut, ez naiz pasiloetara edo kazetariengana joaten kritikak egiteko".




Albisteak (2)

Bideoak (2)

Audioak (1)