Itxi

Katalunia

Puigdemontek hautsitzat jo du CUPekin zuten ituna

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Antikapitalistek aurrekontuei ezarritako betoa "inflexio puntua" izan dela eta ondorioak izango dituela ohartarazi du Kataluniako presidenteak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak hautsitzat jo du Junts pel Si (JxSí) Kataluniako hauteskundeetarako zerrenda bateratu independentistak CUPekin zuen egonkortasunerako ituna. Kataluniako Gobernuak prestatutako aurrekontuen osoko zuzenketari eustea erabaki zuten atzo antikapitalistek, eta, beto horren ondorioz, aurrekontu proposamen berria aurkeztu edo iazko kontuak luzatu beharko ditu. 

Kataluniako Parlamentuko iturriek Europa Press albiste agentziari esan diotenez, Puigdemont oso kritiko agertu da CUPeko eta JxSiko diputatuek egin duten premiazko bilera batean. Ateak itxita egin duten batzarrean hauek hartu dute parte: Gobernuko kide guztiak (Oriol Junqueras presidenteordea eta ERCko burua, tartean), Junts pel Si koalizioko 62 diputatuak (Jordi Turull koalizioko presidentea eta Marta Rovira bozeramailea, besteak beste) eta Parlamentuko buruzagi nagusiak (Carme Forcadell presidentea eta Lluis Maria Corominas Mahaiko presidenteordea).

Kataluniako presidentearen hitzetan, CUPen betoa "inflexio puntua" da, eta "ondorioak" izango ditu.

Parlamentuko iturri horiek aurreratu dutenez, aurrekontuen inguruko bozketa egin ondoren, hitza hartuko du Puigdemontek. Horrenbestez, CUPek ezetza iragarri eta gero Kataluniako presidenteak egingo duen lehen agerraldi publikoa izango da arratsalderako iragarritako hori.

"16 bilera izan genituen"

CUPek negoziazio faltari egotzi dio ezezkoa. Puigdemonten iritzian, baina, ez da halakorik egon. Bileran nabarmendu duenez, "16 bilera egin genituen" antikapitalistekin.

Nolanahi ere, JxSi koalizioa bat eginda jarraitzeko deia egin du Kataluniako presidenteak.

Puigdemont, Jordi Turull JxSi talde parlamentarioko presidentea ondoan duela, bilerara iristen. EFE

Oriol Junqueras Ekonomia kontseilaria ere mintzatu da batzarrean, tonu adeitsuagoan, nonbait. Egoera ez dela hain dramatikoa adierazi du ERCko buruzagiak, eta prozesu subiranistak abian jarraitzen duela.

"Ondorio oso larriak izango ditu"

Bilera amaituta, aurrekontuak eztabaidatzeko osoko bilkura hasi da Parlamentuan. Tribunan kontuak babesteko egin du agerraldian, ohartarazpena egin du Junquerasek: "Aurrekontuak luzatzeak ondorio oso larriak eta izugarri latzak ekarriko dizkio ekonomiaren hazkundeari eta zerbitzu sozialak bermatzeari".

Ekonomia kontseilariaren hitzetan, Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proposamenak eta aurreko proiektuak ez dute zerikusirik, 1.000 milioi euro gehiago bideratu dituztelako, eta horietatik 873 milioi gizarte zerbitzuetarako direlako.

Albisteak (2)

Bideoak (1)